Urtero bezala, Mugikortasun Astea antolatu du Udalak herri eskolaren laguntzarekin, eta atzo eman zuten ekimenaren berri Jesus Mari Santos alkateak eta Ramon Aranzasti zinegotziak. «Mugikortasunaren Europako Astea ospatuko da irailaren 16tik 22ra eta Astigarragak kide bezala parte hartuko du, lehenengo aldiz, beste Europako hainbat herrirekin batera», azaldu zuten. Hori horrela, leloa ere berdina izango da: Aukeratu. Aldatu. Konbinatu.
Haurrez gain, helduak inplikatzeko deia
Udaleko Ingurumen sailak eta herri eskolak hiru ekintza koordinatu dituzte, haurrak zein helduak inplikatzeko asmoz. Eta bereziki azken horiekin saiakera berezia egin nahi dute. Hori horrela, helduentzako bizikleta ikastaroa antolatu dute, berritasun bezala. Irailaren 22an izango da.
Gainontzean, ikastolako LH 6ko neska-mutilek bizikleta martxa egingo dute asteazkenean eta datorren larunbatean, ginkana eta txokolatada izango dira herritar guztientzat.
Izena emateko azken eguna, 18a
Helduen bizikleta ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da eta azken eguna irailaren 18a da, datorren ostirala. Izena emateko, udaletxeko Hirigintza eta Ingurumen sailera deitu behar da: 943 33 52 41.
EGITARAUA
Irailak 18: Ikastolako LH 6ko neska-mutilen bizikleta martxa herrian zehar (09:00).
Irailak 19: Ginkana eta txokolatada ikastolako patioan (10:30).
Irailak 22: Helduentzako bizikleta ikastaroa, Joseba Barandiaran
plazan (11:00).
*Ikastaroan izena emateko, deitu: 943 33 52 41