Asteazkenean aukeratu zituzten gaurko pelotak. Urriza iruñearrak eta Uterga doneztebearrak. Biak aurrelariak izanik, pelota biziak aukeratu zituzten, «sakean min emateko». Ezbairik gabe, final bizia eta ikusgarria espero da gaur, Galarretan.
Ohi bezala, arratsaldeko 16:00etan hasiko dira partiduak. Aurrena, Goikoetxea V-Aizpuru III ariko dira Otaegi-Zalduaren kontra, eta segidan jokatuko da finala. Ondoren, beste bi partidu jokatuko dira: estelarrean, Ezkurra eta Barrenetxea IV hernaniarra, Etxeberria IV-Matxin IIIren kontra; azkenik, Ansa II-Olazar, Segurola-Agirrezabalaren kontra.
Faboritoa Urriza; ilusioz bete Uterga
Javier Urrizak 2012ko eta 2013ko Buruz Buruko txapelketak irabazi zituen, eta gaur ere, txapela jazteko faboritoa da. Hala ere, iruñearra ez dago hain seguru. «Faborito izateak ez du ezertarako balio; are gehiago, kalte ere egin dezake. Ez dut kontuan hartzen. Dakidan bakarra da, irabazteko asko jokatu beharko dudala. Utergak erraztasun haundia dauka tantoak bukatzeko, eta ondo ezagutzen dugu elkar. Partidua frontisetik kanpora eramaten saiatuko naiz, pelota asko dominatzen baitu».
Xanti Uterga doneztebearrak, berriz, ilusioa du aldeko. «Nere aurreneko final haundia da, bakarka, eta bigarrena, guztira. Ilusio ikaragarria daukat, 13 urte profesionaletan egin ondoren. Ezin da gehiago eskatu».
Helburua, sakean asmatzea
Bi erremontistak dira aurrelariak, eta antzeko materiala aukeratu zuten asteazkenean, gaurko finalerako. Sakean asmatzea espero dute biek.
«Aurten material biziagoa aukeratu dut, sakearekin min emateko», azaldu zuen Urrizak. Utergak, ere, berdintsu: «Sakearekin asmatu beharko da, eta horretarako, hobea da material mota hau. Ligaxkan jokatu genuen partiduan tanto asko egin zizkidan sakean, baina uste dut ni izan nintzela egun hartan asmatu ez zuena». Gaurkoan, ikusteko dago nork asmatuko duen.