Hilaren 23an, Mugikortasun Astearen barruan, jarriko da berriro martxan Ttapa Ttapa egitasmoa. Lehengo ikasturtean egin zen aurreneko aldiz, eta aurten errepikatzea erabaki dute. Helburua da asteazkenero taldetxo bat elkartu eta ariketa fisiko pixka bat egitea, beti ere, konpainia onean; eta ondoren, hamaiketakoa!
Lehengo urtean eman zioten forma egitasmoari, Hernaniko Udalak, Hernaniko Ongintzak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Hernaniko Osasun Zentroak eta talde eragilea osatzen duten herritar eta elkarteek: Koxka, desgaitasunen bat duten pertsonen elkarteak; Hernaniko Odol Emaileek; Eliza ebanjelikoak; Emakumearen Zentroak; Amherrek; Goiz Eguzkik; Hernani Wukrorekin GKEk; eta Berriak, merkataritza elkarteak.
Marta Barandiaran eta Maite Aseginolaza medikuak ere bat egiten dute, asteazkenero, zitarekin; osasungarria dela azpimarratzen dute.
Aurten errepikatzeko asmoa duzue. Iaz ondo atera zen seinale?
Beste toki batzuetan hasi ziren hau bera egiten: Tolosan, Zumarragan... Hemen oraindik ez da jende asko etortzen, baina ideia polita da. Etortzen denak errepikatzen du, normalean.
Zein da benetako helburua, kirola ala lagunak egitea?
Hartu-emanak sortzea da benetako helburua. Ibilbideak motxak dira, eta ez da kirol haundirik egiten. Etxetik atera eta elkartzea da helburua. Kirolaren bidez sozializatzeko modua da. Izan ere, sozializatzeak onurak dakartza; zoriontasuna ekartzen du. Eta ariketak ere, onura fisiko eta psikologikoak dauzka.
«Normalean etxean egoten direnei eta defiziten bat dutenei zuzendua dago; arazo fisikoak edo mentalak dauzkatenei. Baina irekia da!»
Nori dago zuzendua?
Normalean etxean egoten direnei eta defiziten bat dutenei; arazo fisikoak edo mentalak dauzkatenei; etxetik ateratzea kosta egiten zaienei eta harremanetarako zailtasunak dituztenei. Baina irekia da! Nahi duen guztia animatzen dugu! Gazteei zuzendua ere bada!
Hirugarren adinekoak gehiago izango dira, ezta?
Asteazken goizetan elkartzen gara, eta helduak izaten dira libre egoten direnak! Boluntarioak ere izaten dira, eta hauek gazteagoak dira, 40 eta 60 urteren bueltakoak. Baina bai, bereziki, hirugarren adinekoak etortzen dira. Talde sozial hori da zailtasun gehien dutenena.
«Kirolaren bidez sozializatzeko modua da»
Haundia da talde sozial hori? Konturatzen garena baino jende gehiagok ditu etxetik atera eta sozializatzeko
arazoak?
Jende asko dago, bai. Batzuk ezin dira atera, besterik gabe, igogailurik ez dagoelako beren etxeetan, eta ez direlako gauza eskaileretan behera eta gora ibiltzeko.
Ateratzeko ere laguntza behar dute orduan. Ttapa Ttapa egitasmoak ematen du laguntza hori?
Ttapa Ttapak ez, baina badira laguntza hori ematen dutenak. DYAk eta Gurutze Gorriak boluntarioak dauzkate, eta eskailerak jaisten laguntzeko silla bereziak dauzkate; ‘silla oruga’ deitzen diegu horiei, eskaileretan gora eta behera ibiltzeko prestatuta daudelako. Deitu eta nahi duzun ordurako zure etxera joaten dira, eta gero, noiz bueltatuko zaren esan, eta berdin-berdin laguntzen dizute, eskailerak igotzen.
«Boluntarioak baleude... Zailena izaten da jendea etxetik ateratzera animatzea»
Eta nola hartzen da parte Ttapa Ttapan? Izena eman behar da?
Azaldu, eta kitto. Helburua da sozializatzea, kalera ateratzea, besteekin hartu-emanetan hastea. Horretarako, egin behar den gauza bakarra da, asteazkenetan Atsegindegira azaldu, goizeko 10:30etan.
Nolako ibilbideak egiten dira?
Zirkuito desberdinak daude, eta nork bere erritmora egiten ditu. Gero, salda edo hamaiketakoa hartzen dugu, aulkietan elkarrekin eserita. Inportanteena hamaiketakoa da! Gainontzean, egokitu egiten gara, bakoitzaren erritmora, eta norbait nekatuta badago, gelditu egiten gara, eseri, eta zirkuitua laburtu ere egiten dugu. Ez dago arazorik. Azken batean, ikusi dugu ibilbide luzeagoak egiten dituztenak beren kabuz ere ibiltzen direla.
Eta zuek laguntzeko egoten zarete beti, ezta?
Beti egoten da osasun zentroko norbait. Eta zaintzaileak ere etor daitezke. Boluntarioren bat edo beste ere badago; talde eragilea osatzen duten elkarteek bideratzen dituzte. Boluntarioak baleude... Zailena izaten da jendea etxetik ateratzera animatzea. Beraz, etortzen dena, ongi etorria izango da!
Beraz, zita hilaren 23an hasita, asteazkenero jarriko da.
Hala da. Astean behin, ordubete. Ez da asko, beraz, ez dago aitzakiarik!
Mugikortasun astea
Bizikleta azoka gaur, aukera onenekin
Mugikortasun Asteari hasiera emateko, bigarren eskuko azoka berezia egingo da gaur: bizikletak egongo dira aukeran, 11:00etatik 14:00etara, Urbieta kalean.
Salerosketan aritzeko aukera paregabea izango da gaur, Bigarren Eskuko Azokan. Gaurkoa, gainera, berezia izango da; Mugikortasun Asteari hasiera emateko, bizikletak, patinak, kaskoak eta antzekoak saldu edota erosteko aukera izango da.
Urbieta kalean jarriko da azoka, goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean, eguraldiak laguntzen badu, behintzat. Euria eginez gero, Atsegindegin jarriko dira postuak.
Etxean soberan dagoena saltzeko aukera
Erosteko aukeraz gain, etxean behar ez ditugun trasteak saltzeko aukera ere izango da gaurkoan. Bizikletak, patinak, patineteak, trizikloak, kaskoak... Horrelako edozer saltzeko aukera ere izango da.
Horretarako, goizeko 09:00etatik 10:30etarako tartean entregatu beharko dira objektuak, salmenta postuan bertan. Horrekin batera, norberaren datu pertsonalak (NANa erakusti beharko da) eta bizikletarenak jasoko dira, eta saldu nahi den prezioa finkatuko da; ez da onartuko 300 euro baino prezio altuagorik.
Antolakuntzan dabilen taldea arduratuko da postuan utzitakoa saldu eta zaintzeaz. Eguerdiko 13:30etan saldu ez dena eta saldutakotik irabazitako dirua jasotzera pasa behar da.
MUGIKORTASUN ASTEA
Gaur, irailak 12
Bigarren Eskuko Azoka berezia (bizikleta azoka). Goizeko 10:00etatik 14:00etara, Urbieta kalean (euria egingo balu, Atsegindegin).
*Bizikletak, patinak, kaskoak edota bestelako osagarriak saldu nahi dituztenek 09:00etatik 10:30etara eraman beharko dituzte azokara. 13:30etan jaso beharko dira dirua, edo saldu ez diren objetkuak.
Irailak, 19
Patinetan ibilaldia. Karabel-Zubiondo artean, goizeko 09:30etan Karabeletik aterata.
*Karabelen eta Zubiondo poligonoan gynkanak jarriko dira.
Irailak 20
Hernanin bizikletaz (bide-heziketa zirkuitua). Plaza Berritik abiatuta, 09:30etatik 12:00etara bitartean.
Irailak 23
Ttapa Ttapa Denok batean goizeko ibilbidea. Atsegindegitik abiatuta, 10:30etatik 12:00etara bitartean. Bukatzean, hamaiketakoa, parte hartzaile guztiek elkarrekin.
Irailak 25
Kirol egokitua (nire lekuan jarri). Arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara, Atsegindegin.