Kaleratzeak Stop elkarteak jakinarazi duenez, «epai berritzaile bat» eman du Donostiako Merkataritza Epaitegiak, elkarteko kide baten eta BBVAren arteko auzian: maileguaren hasierara luzatu du zoru klausulen ordainketa baliogabetzeko atzerako eragina, beste zenbait klausulen artean. Horrela, klausula horien arabera ordaindutako guztia itzultzeko agindu dio epaitegiak bankuari.
«Erabakia oso garrantzitsua da, zoru klausulek kaltetutako milaka familiarentzat», azaldu du Kaleratzeak Stopek; «izan ere, Auzitegi Gorenaren doktrinari muzin egin dio».
«Gure zerbitzu juridikoek lortu dute epai berritzaile hau», adierazi du Kaleratzeak Stopek.
Eta adierazi du, momentu hauetan «bereziki garrantzitsua» dela epaia: «izan ere, Caja Rural de Navarra buru dela, zenbait banketxe iruzurrezko eskaintzak egiten ari dira, zoru klausula duten bezeroei. Klausula hori kentzea eskaintzen die, baina zuten diferentziala igo, ordainduriko diru kopuruak berreskuratzeari uko egin eta zoru klausula kentzearen inguruko gastu guztiak ordaintzearen truke».
Biltzar irekia, bihar
Hori dela eta, Kaleratzeak Stopek informazioa zabaltzeko biltzar irekia deitu du bihar, goizeko 10:30etan, Donostiako CRAJ gunean, Anoetako Txuri-Urdin eraikinean: «Gipuzkoan zoru klausulak kaltetuta dauden herritarrak gonbidatuta daude, bertaratu eta talde mailako ekintzak antolatzera: auzibide masiboak aurkeztea, adibidez», azaldu dute.