Atez atekoaren kontsultari buruz, parte hartze batzordea etzi

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 5a, 02:00

Parte hartze eta Kirol Batzor­deak bilera egingo du  astele­he­nean, legegintzaldi berriko aurrenekoa. Eta Gobernu Tal­deak jakinarazi du, «atez ateko hondakin bilketa sistema polemikoaren inguruan» ariko di­rela bertan: «gai nagusia herri galdetegia izango da».
Goizeko 09:00etan bilduko da batzordea, udaletxeko pleno aretoan, eta guztientzat irekia izango da. Hiru puntu landuko dituzte, erregu eta galderez gainera: parte hartze, informazio eta gardentasun ordenantza urratu izanagatik jasotako kexa bat; atez-atekoari buruzko kontsulta; eta kiroldegiko obren bigarren faseari buruz EH Bilduk aurkeztu duen idatzia.

«Atez atekoak eztabaida eta kontrako iritzi asko sorrarazi ditu astigartarren artean»
Atez atekoari buruzko kontsulta izango da gai potoloena: «hiri hondakinak bildu eta tratatzeko udal ordenantza indarrean sartu aurretik eta gaurdaino, atez atekoak astigartarren artean eztabaida eta kontrako iritzi asko sorrarazi ditu», azaldu du Gobernu Taldeak. Gogorarazi du, Asti­garraga Garbia plataformak 1.700 firma jaso zituela 2012an atez atekoaren kontra, «orduko biztanleriaren ia erdia».
Horregatik, kontsulta egiteak «lehentasuna dauka» EAJ­rentzat: «Astigarragako biztanle guztiek atez atekoaren inguruan bere iritzia eman ahal izatea nahi dugu, bere adostasuna edo desadostasuna kon­tsultaren bidez jakinaraziz».

Herri galdetegiaren bideragarritasuna eztabaidatu, eta egingo den galdera aurkeztu eta proposatuko dute.

Horrela, parte hartze ba­tzordean eztabaidatuko dute Udala osatzen duten alderdi politiko ezberdinek, herri galdetegiaren bideragarritasuna. Modu berean, azaldu dute Gobernu Taldeak kontsultan egingo den galdera aurkeztu eta proposatuko duela.
Saio irekia izanik, nahi du­ten herritar guztiak bertaratu daitezke bilerara, bere ekarpenak, erreguak edo galderak egi­teko gaiaren inguruan.

Bozeramaile Batzordearen bilera, ondoren
Bozeramaile Batzordea ere bilduko da astelehenean, alkate­tzan, Kirol eta Parte hartze Batzordea bukatzen denean. Sei puntu landuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!