«Astigarragak errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adieraztea nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 9a, 02:00

Errefuxiatuen inguruan dugun krisiaren aurrean, EH Bildu Astigarragak mozio bat sartu zuen ostegunean, «Udala ere krisi honi aurre egiten protagonista izan dadin».
«Errealitate berri honen irtenbidea konplexua dela jakinda, onartezina da Euro­par Batasunaren eta haren gobernuetako agintari politi­ko­­en isiltasun minga­rria. Gatazkek eta giza eskubi­deen urraketak eragindako migrazio fluxu honi ezin zaio erantzun alanbre hesiez eta jazarpen militarraz, ezta bizirik jarraitzeko ihesi datozenei merkataritza kuotak ezarrita ere», azaldu dute.

Lau puntuko adierazpena
Hori horrela, Astigarragako EH Bildu udal taldeak honako adierazpen instituzionala aurkeztu du: 
«1.- Astigarragako Udal­batzak, herriak Siriako eta beste herrialde batzuetako gatazka politiko eta milita­rretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak har­tze­ko prestutasuna adieraz­ten du, baita konpromiso bera duten beste udal batzuekin lan egiteko prestutasuna ere.  
2.- Europar Batasunak erantzukizun garbia du errefuxiatuen exodoa eragin duen Ekialde Hurbilaren desorekatze egoeran. Horre­ga­tik, krisi humanitario honi modu aktiboan eta elkartasunez eta justizia humanitarioaz erantzuteko eskatu behar zaie bertako estatu kideetako agintari eta gobernuei. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonei hartzeko beha­rrezko bitartekoak bidera ditzaten ere eskatu behar zaie. 
3.- Astigarragako Udalba­tzak Gipuzkoako Foru Aldun­diari eta Eusko Jaurlaritzari tragedia honen aurrean jarrera aktiboa eta solida­rioa har dezaten eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzaten eskatzen die. 
4.- Arestian aipatutako bi erakunde horiekin eta Eus­kal Herriko beste udal ba­tzue­kin lan egiteko konpro­misoa hartzen du Astiga­rragako Udalbatzak, errefu­xiatu hauek hartzeko tokiko sare bat egituratzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!