Urteak daramazki Ainara Azpiazu ‘Axpi’ hernaniarrak, ilustrazioaren munduan. Eta mundu horretan, denetik egin du, Kronikarako komikietatik hasi eta haur eta helduentzako ikastaroak emateraino. Azken horretan, pauso bat gehiago eman nahi izan du, eta lokala inauguratuko du irailaren 18an, komikigintza, marrazketa, pintura eta sormena lantzeko. Bertaratzera animatu du, «bere barruko mundua atera eta irudikatzeko gogoa daukan edonor».
Nolatan hasi zinen ilustrazioaren munduan?
Txikitatik gustatu izan zait marrazkiak egitea, baina berez oso bizimodu ezegonkorra bezala irudikatzen da. Eta horregatik, berandu eman nuen pausoa. Soziologia ikasi eta horretan lanean hasi nintzenean, berez soziologo gisa lan egitea erraza ez denez, pentsatu nuen ilustratzaile bezala ere posible zela bizitzea. Eta horrela, arte ederrak ikasi nituen aurrena, eta ilustrazioko masterra ondoren, Italiako Macerata herri txikian.
Zenbat urte dira ordutik?
Ba ilustratzaile bezala lanean serio hasi nintzela, 8 bat urte. Eta bitarte honetan, denetik egin dut: haurrentzako liburuak, aldizkari eta komikiak, mural pila bat margotu, Kronika, Berria eta Garan komikiak, klaseak eman haur eta helduei... Sari batzuk ere lortu ditut, eta horiek motibazio haundia ematen dute.
Kronikan, gainera, hasieratik egon zinen kromikiak egiten.
2004an hasi ginen, eta ordutik gaur arte. Oso lan polita da, Hernani gai hartuta eta hernaniarrez egiteko aukera ematen dizulako. Baina aldi berean, erronka zaila ere bada, urtero gai berdinei buelta ezberdinak ematea; edota notiziarik ez den tokitik notizia ateratzea.
Lokala irekiko duzu orain. Zer dela eta?
Beti gustatu zait klaseak ematea, urtero izan dut talderen bat. Familiarena zen lokal hau, Andre Kale 2an, eta pentsatu nuen hobeto zela hemen ematea klaseak. Gauza polita da familiaren lokal batean egitea ikastaroak, Andre Kalea ere gustatzen zait, eta txoko polita da lokala.
Nolakoak izango dira ikastaro horiek?
Haurrentzat, marrazketa, pintura eta sormena landuko dut, bi taldetan: 6-8 urtekoak eta 9-12 urtekoak. Teknika ikasi batetik, eta bestetik, baliabideak emanda libre utzi, sormena lantzeko. Eta komikigintza ere emango dut, 12-16 urtekoentzat eta helduentzat (18 urtetik gora). Istorioa garatu, bisualki zentzua eman, pertsonaiak sortu...
Irailaren 28an hasiko dira klaseak, eta 24ra arte apuntatu daiteke, andrekale2@gmail.com helbidean. Lokala hilaren 18an inauguratuko dut, 19:00ak aldera, eta ateak zabalik egongo dira, jakinmina, zalantzak, interesa... daukan edonorentzat.
Bertaratzera animatu nahi dut, bere barruko mundua atera eta irudikatzeko gogoa daukan edonor, konplejurik gabe. Benetan nahi duen edozein izan daiteke ilustratzaile. Baina benetan nahi behar da, eta gogo haundia jarri. Zure buruaren motorra zerorrek izan behar duzu etengabe.