«Trantsizio modura ikusten dugu denboraldi hau, mantentzea eta disfrutatzea da helburua»

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 5a, 02:00

Hilabete eta erdi daramazu kargu berrian. Zer moduz daramazu, ondo ari al zara ardura berrietara egokitzen?
Hasieran, pixka bat kosta zait ohitutzea, baina gustora ari naiz. Egia esan, 8 urte daramazkit klubean, azken hiru urteak presidente orde, eta nahiko ezagutzen dut barrutik. Baina beti sortzen zaizu bertigo pixka bat, eta errespetu haundiarekin hartzen duzu kargua. Gainera, momentu zailak bizi ditu klubak eta lan asko egin beharra dago. Hala ere, esan bezala, gogoarekin eta iusioarekin nago.

Hori da, 2007an hasi zinen kontseilari gisa eta azken hiru urtetan presidente orde lanetan aritu zara. Kargu berria hartzeko proposamena ez zenuela espero esan zenuen, baina ez zenuela zalantzarik izan baiezkoa emateko. Eman beharreko pauso bat zen?
Bai, etxea barrutik ezagutzen nuen, funtzionamendu guztia, nahiz eta lehendakari bezala desberdina izan, eta aurrera egin beharra zegoen. 3-4 hilabete lehenago, Alvarok utzi beharra zuela eta, halaxe esan zidan: “Zure garaia iritsi da”. Sorpresa haundia hartu nuen, baina ez nuen dudarik izan. Pausoa eman beharra neukan, klubarekin neuken ardurari erantzunez.

Kargua hartu eta bi astera jakin genuen Gipuzkoa Basketek Retabet enpresarekin akordioa sinatu zuela. Ze emango dio babesle hau lortu izanak taldeari?
Bi astera jakin zen publikoki, baina aurretik lan asko egina zegoen. Eta ikusteko zegoen ACBn jarraituko ote genuen edo jaitsi egingo ginen… Orain dela hilabete oso larri geunden, ixtekotan. Lan haundia egin da, eta egin behar da. Eta akordio honek oxigenoa, arnasa emango digu. Egonkor­ta­su­na. Badakigu ez dela milagrosoa izango; ez direla arazo guztiak konponduko, baina arnas hori bi urtetarako izatea gauza haundia da. Instituzioekin ere saiatzen ari gara eta bide onean goaz. Diputazioarekin espero da akordioren bat lor­tzea lau urtetarako. Eta horrez gain, enpresekin ere ari gara harremanetan. Azpimarr­atze­koa da 80-90 enpresen kolaborazioak ditugula, beti gurekin egon direnak. Udalarekin harremanetan gaude eta akordio onak sinatuko ditugula ziur gaude.

«Instituzioekin ere saiatzen ari gara akordioak lortzen eta bide onean goaz»

Fitxaketak egiteko aukera ere eman dizue, zorretan sartu gabe. Zazpi fitxaketa egin dituzue dagoeneko (Lawrence, Llompart, Vrkic, Rico, Milbourne, Cirkovic eta Urtasun). Osatu duzue taldea?
Batez ere barneko jokoa indartu beharra ikusten genuen. Altuak behar genituen, pibotak. Bi fi­txaketa falta dira oraindik. Horrez gain, Iraurgirekin ere konbenioa badugu eta Xabi Oroz taldean izango dugu, besteak beste. Gipuzkoako talde gehienekin dauzkagu konbenioak.

Ricorena fitxaketa berezia izan da. Klubaren historian egin den fitxaketarik luzeena, ezta?
Netorekin ere 5 urterako fitxaketa egin zen. Eta Ricorena bai, sei urterako izango da. Guretzat inbertsio bat izango da. Normalean saskibaloian fitxaketak oso motzak izaten dira eta gazte hau sei urterako ekarri dugu. Konfiantza dugu. Kontua da, Rico bezalako jokalari gazteak oso onak direla, baina beraien herrian ez dute lehen mailan aritzeko aukerarik; kasu honetan, Madrilen. Ez dute beraiekin kontatzen eta gure taldera etorrita, aukera dute. Guk ez dugu ezer ordaindu behar eta denak irabazten aterako gara. Gainera, beragatik talde bat interesatuko balitz, ordaindu egin beharko liguke, beraz, dirua ere irabazteko bide bat da. Inbertsio bat da.

«Rico bezalako jokalari gazteentzat aukera ona da gu bezalako taldeetara etortzea eta guretzat inbertsio bat»

Fitxaketa hauekin zer indartu nahi izan da taldean?
Izaera, sendotasuna. Indar gehiago mentalki. Llompart, esaterako, beteranoa da eta bere esperientzia oso baliagarria izango da taldea aurrera atera­tzeko. Doblasek ere lagunduko du zeregin horretan. Figurak ezin ditugu ekarri eta taldea bera, osotasunean indartsua izatea lortu behar dugu. Horretarako garrantzitsuak izango dira jokalari beteranoak.

Gainontzean, aurreko taldea mantenduko da, entrenatzaile, jokalari eta teknikari berdinekin, ezta?
Bai eta kontuan izan behar da, Jaume Ponsarnau  entrena­tzaileak izan ezik, gainontzekoek urteak daramazkitela taldean. Gehienek 10 urte daramazkite eta horrek ere zerbait esan nahi du. Jaumek bigarren urtea egingo du eta oso gustora gaude berarekin. Eskarmentua du halako talde txikietan eta asko balio du.  

Hiru urtetan, bigarren aldiz, bulegoetan lortu duzue maila mantentzea. Hori aldatuko da datorren denboraldian, Gipuzkoa Basketek erakutsiko du ACBn jokatzeko maila duela?
Ez nago guztiz ados maila mantentzea bulegoetan lortu dugula esaten denean. Egia da kirol mailan jaitsi garela, baina ekonomikoki hor gaude. Auditoriak oso gogorrak izaten dira eta guk pasa ditugu. Talde batzuk kirol mailagatik lehenengo mailan daude, baina administrazio aldetik sekulako arazoak dauzkate. Ez jaisteko, fitxaketak egiten dituzte. Horrela, sekulako maila daukate jokoan, baina zorretan sartzen dira. Gu txukunak gara alde horretatik. Aurrekontu txikia daukagu eta daukagunarekin moldatzen gara. Hori ere begiratu behar da, kirolaren alde horri garrantzia gehiago eman beharko litzaioke.
Hala ere, egia da igoera lortzen duten talde askok ezin dutela ACBn jokatu diruagatik, eta pena da. Mailaz badagokie, baina ezin diote gastuei aurre egin. Izan ere, 5 milioi euro behar dituzu igotzeko bakarrik. Zerbait aldatu beharko li­tzateke.

«Talde batzuk ez jaisteko, fitxaketak egiten dituzte. Sekulako maila lortzen dute jokoan, baina zorretan sartzen dira. Gu txukunak gara alde horretatik. Eta hori gehiago begiratu beharko litzateke»

Ze helburu jarri ditu Gipuz­koa Basketek datorren denboraldiari begira?
Denboraldi hau trantsizio modura ikusten dugu. Helburua mantentzea izango da eta disfrutatzea. Lasaitasun gehiago badugu aurten eta gustora lan egiteko aukera izango dugu.
Jarraitzaileei dagokienez, urte txarrak izan ditugu eta ez gara gai izan ikuskizun ona emateko. Hala ere, zaleek hor jarraitu dute beti eta beraiei erantzun ona eman nahi diegu. ACBra igo ginenean, 7.000 abonatu izan genituen eta berriz kopuru horietara bueltatzea da nere helburu pertsonala. Gauzak ondo egiten badira, jendea bueltatuko da. Dena dela, gaur egun 4.500 abonatu ditugu eta 6.000-7.000 zale gerturatzen dira Ilunbera partiduak ikustera. Hori asko da.

Zure kargu hartzeak zeresan haundia eman zuen komunikabideetan, emakumea izateagatik. Hori hainbeste nabarmentzea espero al zenuen edo nabarmentzekoa dela uste al duzu?
Sorpresa izan zen. Uste nuen normalizatua zegoela. Kirol munduan asko ibili naiz eta emakume askorekin egin izan dut lan. Enpresetan ere bai, eta ez nuen espero halako oihar­tzuna izango zuenik. Gusta­tuko zitzaidan ez horrela izatea, behintzat. Baina kontura­tzen zara asko dagoela egiteko. ACBko asanbladan, 25 lagunetatik ni bakarrik nintzen emakumea, eta begiratu egiten dizute. Pena ematen du.
Eta kontu honekin, begira aritu naiz. Hemen, Gipuzkoan, lau talde garrantzitsutan (Azpeiti­an, UPVn, Honda­rribian, Gipuzkoa Basketen), emakumeak gara presidente. Eta Gipuzkoako Federakun­tzan ere bai. Beraz, dirudienez, ez da hain arraroa hemen...

«Kirol munduan asko ibili naiz eta emakume askorekin egin izan dut lan. Ez nuen espero halako oihartzuna izatea. Pena ematen du»

Saskibaloia alde batera utzita, Gipuzkoako Golf Fede­razioko presidentea ere bazara. Nola uztartzen dituzu bi karguak?
Kargu hori 8 urterako da gehienez eta orain bukatuko dut. Orain, kargu berrian zentratuko naiz.

Igeriketako epaile lanetan ere aritua zara. Kirolzalea, dudarik gabe.
Beti gustatu izan zait kirola. Txikitan gogoratzen dut, futbolean jokatu nahi izaten nuela, baina ez zidaten uzten. Neskok saskibaloia edo hockeya egin behar izaten genuen eta halaxe sartu nintzen saskibaloian. Gerora, belaunak puskatu nituen eta 35 urterekin zerbait egin nahi nuela eta, golfean hasi nintzen.
Igeriketan, berriz, alaba ibiltzen zen eta norbait behar zen arbitro edo epaile lanak egiteko. Animatu egin nintzen. Egia esan, hainbeste gustatzen zait kirola, beti laguntzeko prest egon izan naizela.


«15 lehengusu ginen eta bizikleta bat geneukan denontzat»

Nekane Arzallus Ergobian jaioa da 1965ean. Estanco taberna bere aitonarena zen eta gaineko etxebizitzan bizi zen familia osoa: Nekaneren gurasoak eta hiru anai-arrebak, osaba-izebak eta lehengusuak, aiton-amonak… «15 lehengusu ginen, eta bizikleta bat denontzat», dio parrez. Eta kuriositate moduan, lehengusu horietako bat Jon Garaño zine zuzendaria da.
Ergobiko festak hastear zirela egin genion elkarrizketa Arzallusi (abuztuak 21), Ergobin bertan. Ingurua begiratuz, asko aldatu dela nabarmentzen zuen: «Plazako etxeak bakarrik zeuden, inguruko pabeloirik ez zen. Dena arto sailak eta baratzak ziren. Ze biziko ginen, 200 bat lagun? Eta Ergobiko eskolan ibiltzen ginen denak, adin guztietakoak batera. Oso giro ona genuen». Aitonaren tabernaren ondoan, amonak ultramarinos bat zeukala ere gogoratzen du.

Festetan gerturatzeko ohitura
12 urte zituenean Donostiara joan ziren bizitzera eta ordutik han bizi izan da. Hala ere, Ergobiara tarteka bueltatzen dela aitortu dio Kronikari. «Festetan normalean. Gaine­ra, aitaren omenez, Bernardo Arzallus memoriala antola­tzen hasi ziren; txirrindulari­tza karrera. Azken urteetan, berriz, krosa egin izan da. Gure aita zena, saltsa guztietako perrejila zen eta orain dela 13 urte hil zen».
Aurten aukera askorik ez izan arren, festen hasierara agian azalduko zela azaldu zuen amarekin,  Jon lehengusuak bota behar baitzuen kañonazoa. «Ergobiko festak, haiek festak!», gaineratu zuen, burua oroitzapenetara eramenez berriz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!