IÑIGO GOÑI IRADI
Beste urte batez Kontxako Bandera handia iritsi da eta urteroko legez hernaniarrik ez da faltako bertan naiz eta etxeko 'Maialen' traineruak ez zuen sailkatzerik lortu. Hernaniar neskek estropada polita egin zuten eta uretan lehen urtez aritzeko paper ederra bete dute.
Lehen jardunaldirako talde guztiak prest daude eta batzuk eta besteak helburu desberdinak izan arren, banderaren bila irtengo diren herriko arraunlariak baditugu. Kasu adierazgarrienak San Juanen arraunean ari diren Arantxa Arregi eta Amets Zapiainenak dira. Arantxa Arregi sanjuandarra da, baina badaramatza urte batzuk Hernanin bizitzen. Amets Zapiain astigartarra da eta Hernanin arraunean ari ostean, pausu bat aurrera egin zuen orain hiru urte eta San Juaneko Batelerak ontzian bere lekua egin du.
Arregi, esperientzia handiko arraunlaria
Biek ala biek banderarekin amesten dute. «Bi urte arraun egin gabe egon ondoren, aurten hasi naiz berriz ere sanjuandar tostetan», dio Arregik. Eskarmentu handiko arraunlaria da eta horren adibide bizitza erdia baino gehiago arraunean egin duela da. «38 urte ditut eta 90. hamarkadaren hasieran arraunean ari nintzen». Esan liteke emakumeen artean aitzindaria dela, eta nesken artean tostako arraunaren garapena bertatik bertara bizi eta ezagutu du. «Hasieran ez genuen egiten tostako arraunik, aulki mugikorrean aritzen ginen eta pixkana-pixkana joan ginen bateletan lehendabizi, eta ondoren ontzi handiagoetan arraun egiten. Azken urteetan izugarrizko gorakada egin du emakumeen arraunak eta poztekoa da».
Hala ere, pasa den urtean ez zen egon Kontxa irabazi zutenen artean, Maren izeneko haur txiki bat eduki baitzuen, eta aurtengoan taldeak garaipena errepikatu eta bere lehen Kontxako Bandera lortzea espero du. «Zaila izango da aurkari gogorrak ditugulako, baina saiatuko gara. Denboraldia ezin hobeto doa naiz eta ostegunean ez genuen estropada ona egin. Iganderako gauzak hobetu beharko ditugu», dio.
Orain arte Euskotren Ligako estropada guztiak egin ditu arraunean eta baborretik bigarren postuan aritzen da. Etxabe entrenatzailearentzat taldeko euskarrietako bat da. «Esperientzia eta kontzentrazioa ipintzen saiatzen naiz traineruan». Eta hori horrela dela baieztatzen diguna Amets Zapiain da.
Mutiletan, Donostiarran eta San Juanen ariko dira.
Gero eta berdintasun handiagoa
Astigarragako arraunlariak badu baita eskarmentua eta urtetik urtera gero eta presentzia handiagoa du ontzian. «Aurten estropada garrantzitsuetan aritu naiz eta garaipen ederrak lortu ditugu. Ildo beretik jarraitzea espero dugu bi igandeetan». Hala ere, badaki gauzak ez direla errazak izango ikusirik zer maila erakutsi duten Zumaiak eta baita Orio eta Hibaikak ere. «Gero eta berdintasun handiagoa dago ostegunean ikusi zen bezala. Laugarrenak geratu ginen eta hori hobetu beharrean gara irabazi nahi baldin badugu. Sailkapen estropadak, ezer eginda ez dagoela irakasteko balio izan digu. Hankak lurrean eta buru belarri ontzian sartuta egoteko ongi etorri zaigu». Aurten Ametsek ez du izango alboan azken urteetan berarekin arraunean ibili den Ainhoa Saizar hernaniarra. «Pena da gurekin ez egotea, baina lehendik erabakia zuen aurten arraunik ez egitea eta ikasketekin tope ibili da».
Mutiletan lau arraunlari eta patroia
Dena dela, Saizartarrek edukiko dute presentzia Kontxako Banderan. Bere anaia Andoni Saizar Donostiarra taldeko patroietako bat da. Gainera, 2007 geroztik Donostiak irabazi duen lehen banderaren patroia bera izan zen Orion. «Izugarria izan zen taldearentzat. Badakit ez naizela irtengo lehen jardunaldian patroi bezala. Ander Iriarte ariko da eta zain egon beharko dut nire aukera noiz iritsiko». Andoni udaran Donostiarran ibiltzen da eta neguan eta udaberrian berriz, Hernaniko patroi eta arraunlaria da. Urtez urte goraka doa mutila eta emaitza bikainak lortzen ari dira arraunean egin duten maila guztietan. Dudarik gabe, Hernaniko etorkizunaren euskarrietako bat da Andoni Saizar.
Bat ez, hiru bandera irabazi dituen arraunlaria Jon Urretabizkaia da. Hernaniar gazte hau seguru Kontxan arraunean aterako dela gutxienez jardunaldietako batean. Xabier Zabala entenatzaileak ederki ezagutzen du Hernanin berarekin hazi baita, eta Donostiarrara eramateko dudarik ez zuen egin. Arraunlari sendoa eta peto petoa da. «Donostiarrak irabazi dituen hiru estropadetan arraunean egin dut. Hirurak ere erlojupekoan izan ziren eta gure maila ona dela erakutsi ahal izan genuen».
Denbora ona egiteko asmoz
Aurten azken urteetako txaluparik sendoena dute eta esperantza handiak dituzte «denbora ederra egiteko». Horrela dio Aitor Iraolak. Donostiarraren taldean Andoni Saizar, Jon Urretabizkaia eta Aitor Iraola hernaniarrak dabiltza eta Astigarragan bizi den Jon Sardon. Aitor Iraola ere Hernaniko harrobian hezitako kirolaria da. Planta ederrekoa eta griña asko jartzen duena arraunkada bakoitzean. «Igoera fasetik ustez baino urrutixeago geratu gara, baina hiru bandera lortzeak indar handia eman digu. Denboraldia ona da eta Kontxan azken postua saihestea handia litzateke. Denboraldiari itxiera ezin hobea ematea».
Jon Sardonek eskarmentu handiagoa du aurreko hiru arraunlariek baino. Aurten beste urte batez egingo du arraunean eta badira urte batzuk bertan dabilela.
Donostiarretik haratago bada beste hernaniar arraunlaria. Ivan López San Juan trainruan ariko da pasa den urtean bezalaxe. «Handia izan zen iaz postua lortzea eta aurten denboraldi hobea ari gara egiten, nahiz eta urtetik urtera taldea asko berritu». Sailkapen estropadan asko sufritu zuten baina helburu nagusia lortu zuten: sartzea. «Orain gozatzera goaz eta ahalik eta postu hoberena lortzera». Horretarako Tiran, Donostiarra eta San Pedro gainditzea izango litzateke beraien helburu nagusia. «Bosgarren postua oso ona litzateke eta zergatik ez amestu ohorezko txandarekin».
Sanjuandarrak bigarren txandan ariko dira Hondarribia, Kaiku eta Tiranekin. Donostiarra berriz, lehenengoan ariko da Urdaibai, San Pedro eta Oriorekin batera. San Juaneko neskek Orio, Hibaika eta Zumaia izango dituzte aurkari.