Bertso Eskolako kideek Bertso Olinpiadak egin zituzten aurreko igandean, Ereñotzun. Kronikak ez zuen aukerarik izan jarraipena egiteko eta ez-gurasoen taldeko kide “guztiz neutro” batek, olinpiaden kronikatxoa egin dio.
Halaxe dio: «Igandean, goizeko 10:30etan jarri genuen zita Ereñotzuko plazan.
Bizikletan 11:00etan abiatu ginen, igeri egin behar zuen gurasoa falta zelako artean. (Bai, Unai Agirre).
Ez-Gurasoen taldea erraz nagusitu zen bizikletan eta igeri minutu pare bateko abantailarekin hasi zen. Estilo guztietan, lasai ederrean, nagusitu ziren Ez-Gurasoak berriz ere.
Bertsotan, Portuko saioan, Ez-Gurasoak kontrario gabe aritu ziren. Gurasoak ez ziren azaltzera ausartu ere egin.
Palan ere, gurasoen umeek frontoian traba eginagatik, Ez-Gurasoak nagusi, 22-13.
Paellarik onena zein zen jakiteko, sobrak begiratzea besterik ez zegoen. Gurasoen paellatik 6 tupper sobratu ziren eta Ez-Gurasuenetik bakarra.
Mainontzi mahai jokoan Gurasoek irabazi zuten, baina normala: galderak beraiei buruzkoak ziren. Esate baterako, hau izan zen galderetako bat: hauetako zein bertsolari ez da izan okupa? Iturriaga, Silveira edo Irazu? Injustua izan zen erabat».
Irabazi ala ez, giro ederrean ibili ziren oraingoan ere eta datorren urterako jarri dute zita: uztailak 2. Selekzionadoreak lanean hastekoak omen dira dagoeneko.