Ikasturte berria hastera doa. Urumea bailarako haur eta gazte gehienek datorren astean ekin beharko diote ikasturteari. Gehienak asteartean hasiko dira (Elizatxo, Inmakulada, Institutua, Astigarragako eskola), baina Langile, Urumea eta Txirritan, asteazkenean bueltatuko dira eskolara. Karmelo Labakan ere, asteazkenean egingo dute aurkezpena. Goizuetako eskolan, berriz, ostegunean. Hasiera honetan, goizez ariko dira denak, jardunaldi trinkoarekin. Orokorrean, urrian hasiko dira goiz eta arratsalde, baina Astigarragan 21etik aurrera eta Urumean 28tik aurrera.
Hernaniko institutuan aurkezpenak izango dituzte asteartean: 10:00etan, DBH 1 eta 3; 11:00etan, DBH 2 eta 4; eta 12:00etan, Batxilergoa.
Guztira, 3.800 bat haur eta gazte ariko dira ikasten Urumea bailarako haur eskola eta ikastetxeetan. Datu hauek aurrematrikulazioaren araberakoak dira (Udalak oraingoz dauzkanak), beraz, ikasturtea hastean, aldaketa batzuk izango dira.
3.100 ikasle inguru, Hernanin
Hernanin, ikasle gehiena, Haur eta Lehen Hezkuntzan izango da: 1.823. Elizatxon 415 ariko dira, Inmakuladan 174, Langilen 747, Txirritan 62 eta Urumean 425. 2013tik aurrera, haur jaiotze kopurua nabarmen jaisten ari da eta hori eragina izaten ari da haur eskolako eta 2 urteko geletan. 2012an 189 ume jaio ziren eta 2013an 140. Aurten, 2 urtekoen aurrematrikulazio kopurua 127koa izan da eta iaz 161ekoa.
Haur eskolan, oraingoz, 65 umek eman dute izena. Kasu honetan, ikasturtean zehar joaten dira zentroan matrikulatzen.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, 639 ikasle ariko dira. Horietatik, 563 gaztek Hernani Institutuan ikasiko dute eta 76k Inmakuladan.
Batxilergoa egingo dutenak 231 izango dira eta Lanbide Heziketa egingo dutenak 151. Azken hauek Karmelo Labakan ariko dira.
Transpacar eraikinean, Oinarrizko Lanbide Heziketa (HLPP zena) egiteko aukera dago, DBH graduatua eskuratu ez dutenentzat (16-18 urte). Ibilgailuak konpontzeko langilearen kurtsua ematen da eta bertan 31 ikasle ariko dira, lehenengo eta bigarren maila kontuan hartuta. Helduentzako ikastetxea ere badago Antziolan (HHI-CEPA) eta bertan, matrikulazioa zabalik dago oraindik. Iraila osoan egongo da izena emateko aukera. Iaz, 240 bat lagun aritu ziren.
Ikasle gehiago, Astigarragan
Astigarragako Herri Eskolara 554 haur eta gaztetxo joango dira; iaz baino 12 gehiago. Haur Hezkuntzakoak 237 ume izango dira eta Lehen Hezkuntzakoak 317. Herri eskola gisa, bigarren ikasturtea izango da aurtengoa.
Eskola haundiagoak Urumean eta Astigarragan
Hernaniko Urumea ikastolan eta Astigarragako Herri Eskolan egin diren obrak ere aipatzekoak dira. Bi kasuetan, eskola haundiagoekin egingo dute topo ikasleek. Urumean, 4 ikasgela berri, musika gela berri bat, balio anitzeko gela bat eta jangela haundiagoa izango dira. Astigarragan, berriz, 6 ikasgela berri, Lehen Hezkuntzako ikasleen jangela eta erabilera anitzeko gela bat egin dira. Dena dela, aretoa eta jangela osatzeko daude oraindik. Ikasturtean zehar osatzea espero dute.
Goizuetan 72 ikasle; 16 Aranotik
Goizuetako Xalto eskolan, 72 haur eta gazte ariko dira hastear den ikasturte honetan. Horietatik 16, aranoarrak izango dira. Goizuetan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH 1 eta 2 egiteko aukera dago. Haur Hezkuntzan 20 lagun ariko dira, Lehen Hezkuntzan 42 eta DBHn 10.