Bere kirol ibilbideko «erronka nagusia» izango du gaur Endika Barrenetxeak, orain arte jokatu duen partidurik garrantzitsuena. Izan ere, finalean sartzea dauka jokoan, Buruz Buruko Txapelketan. Eta horretarako, Xanti Uterga mendean hartu beharko du, arratsaldeko 16:00etan hasita Galarretan, semifinaletako ligaxkaren azken partiduan.
Irabaztea dauka aukera bakarra, irailaren 12an Urrizari txapela lehiatuko badio. Gaurko garailea finalean izango da, eta galtzaileak agur esango dio txapelketari.
Faborito argirik ez
Txapelketa hasi aurretik, Uterga izango zen faboritoa, bien artean. Baina torneoa nola joan den ikusita, oso partidu parekatua espero da. Barrenetxeak hobera egiten jarraitzen du, eta Utergak zalantzak sortu zituen Urrizaren kontra galdu zuen partiduan. Iaz, 30-22 nagusitu zen doneztebarra, baina Buruz Burukoan, partidu bakoitza ezberdina da.
Aurreneko finala jokatzea dute biek erronka, eta ikuskizuna ziurtatuta dago.