Gaur ospatuko da, 30garrenez, Donostiako Sagardo Eguna. Konstituzio plazan jarri dute zita, eta goizeko 11:00etan hasiko da dastaketa. 35 sagardotegitako sagardoa probatzeko aukera izango da; tartean, Astigarragako zenbait sagardotegitakoa.
Sagarra jo eta prentsatu, momentuan bertan
Aurten, nobedade bezala, sagarra jo eta prentsatu ere egingo da momentuan bertan, muztioa egiteko, goizeko 11:00etan.
Eta iaz bezala, sagardo mota bakarreko sagardoak ere dastatu ahal izango dira.
Gainera, omenaldia egingo zaie bi sagardogile jubilaturi, 12:45etan: Abaltzisketako Zalbide sagardotegiko Joxe Martin Zalbide, eta Usurbilgo Aginaga sagardotegiko Miguel Joxe Errasti.
Postu gehiago ere bai
Sagardo postuez gain, beste zenbait postu berezi ere izango dira plazan: sagar erakusketa, bakailao tortillak, txorixo egosia, gazta...