Prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, bi eskaera egin dizkio EH Bilduk, Udal Gobernu Taldeari: kiroldegiko bigarren faseko lanen proiektuaren idazketarekin jarraitzeko, eta merkataritza biziberritzeko lehen neurriak hartzeko. Aurreko legealdian, kiroldegiaren diagnostikoa egin zuen Udalak, eta hainbat lan aurreikusi ziren kiroldegia birmoldatzeko: «horietako batzuk martxan daude, aurreko legealdian eginiko esfortzuari esker. Bigarren fasekoak egiteko proiektua idazteko enkargua ere eman zuen aurreko Udal Gobernuak. Baina badirudi, EAJren Udal Gobernuak oraingoz proiektua geldiarazi duela dirurik ez dagoela argudiatuz. Horregatik, idazketarekin lehenbailehen jarraitzeko eskatu diogu, 2016ko aurrekontuetan txertatzeko», azaldu du EH Bilduk.
«Gainera, jakin dugu aurreikusi gabeko sarrera bat izan duela Udalak, iazko hirigintza baimen bati esker. Beraz, uste dugu proiektua atzeratzeko arrazoirik ez dagoela, EAJ kontra ez badago behintzat. Kontuan izan behar da, lanak egiten ez badira, Aldunditik 2016an kobratuko diren 300.000 euroko dirulaguntza galtzeko arriskua dagoela. Arduragabekeria galanta litzateke lanak ez egitea».
«Kiroldegiko lanak egiten ez badira, Aldundiaren 300.000 euroko dirulaguntza galtzeko arriskua dago».
«Merkatarien egoera larria da eta ezin da denbora galdu»
Bestalde, Merkataritza Biziberritzeko Plangintza ere osatu zuen aurreko Udal Gobernuak, lau urterako, komertzioen eta herritarren kolaborazioarekin: «eskari zabalduena, merkatariei laguntzeko aholkularitza tekniko bat kontratatzea izan zen. Beraien egoera larria da, eta ezin da denbora galdu. Neurriak berehala hartu behar dira, eta presazkoena aholkularitzarena da. Proposamen bat helarazi diogu Udal Gobernuari, eta ez da diru kontua; 50.000 euroko partida berri bat txertatu zen horretarako, aurreko legealdi bukaeran».