«Domina baten bila goaz, gero ikusiko dugu zein koloretakoa izan daitekeen», dio Amaia Irazustabarrenak, 22 urtez azpiko Munduko Txapelketa hastear denean; «talde indartsua daukagu, eta paper ona egiteko aukera», Maider Huitzik. Espainiako selekzioarekin ariko dira bi palista hernaniarrak, paleta goma F30 modalitatean, Rebeka Contin eta Izaskun Arrosagarai nafarrekin batera.
Astelehenean hasiko dute lehia, Txileren kontra; asteartean Venezuela izango dute kontrario; eta asteazkenean Argentina indartsua.
«Argentinaren pare ibiltzea espero dugu»
Multzo errazena tokatu zaiela uste dute: «Argentina da indartsuena, eta haien pare ibiltzea espero dugu. Beste biei irabazi beharko genieke».
Mundialetan aritu izana abantaila izango du Irazustabarrenak. Huitzik, berriz, aurrenekoa du: «oso gogotsu nago, baina pixka bat urduri ere bai. Sorpresa polita izan zen selekzioak deitzea. Orain, ez dakit jokatuko dudan, baina hala bada, ilusioarekin eta dakidana emateko gogoz».