«Berezia da Zikuñagako jaietako giroa, jendearen laguntasuna, eta ondo pasatzeko gogo hori», nabarmendu dute jai batzordetik. Orain 10 urte berreskuratu zituzten, eta auzoari bizitasuna eman diotela uste dute: «oso oso giro polita dago orain».
1995eko jaiak bukatu, eta 11 urtez desagertu zen festa giroa Zikuñagan: «bazkariren bat egiten genuen, baina besterik ez. Gero, hiru edo lau urtez, jokuak, bazkariak eta horrelakoak antolatu genituen, eta 2006an hiru auzotar elkartu ginen, eta aurrera! Egun bateko festa egin genuen urte horretan, jaiak berreskuratzeko», gogoratu du Arkaitz Larrañagak. Jai batzordeko arduraduna da, Patty Navais eta Manu Mororekin batera: «guk koordinatzen dugu, baina egun horietan, jende askok eta askok laguntzen du jaiak antolatzen. Denen aldetik jasotzen duzu jestu polit bat», dio.
«Kriston jaia montatu zen»
«Aurreneko festak eromena izan ziren», kontatzen du Larrañagak. «Jendea gogoz zegoen, 11 urteren ondoren, eta kriston jaia montatu zen auzoan». Tortilla lehiaketa mantendu zuten, aurretik ere egiten zena, eta baita afaria eta irrintzi lehiaketa ere. Nobedade bezela, sagardo dastaketa sartu zuten, eta haurrentzako jolasak eta urarekin guda ere ez ziren faltatu. Hiru taldek jarri zuten musika gauean, The Solanos tarteko. Aurreneko urte hartan, «hobetzeko gauza dezente» zeudela onartu du Larrañagak: «baina mahairik ere ez geneukan ia! Orain, berriz, den-dena egiten dugu guk, baita kamixetak ere, kartelak izan ezik. Autosufiziente izaten saiatzen gara, eta orain oso estrukturatuta dauzkagu jaiak, errazago bideratzen ditugu. Gainera, jende asko dago antolakuntzaren atzean, hiru lagunen artean ezinezkoa da».
«Danborradak asko lagundu du auzoa batzeko»
Urteak pasa ahala, auzotar guztiak bildu dira, festekin laguntzeko: «aurretik, auzoa banatuta bezala zegoen, eta festek lortu dute auzotarrak batzea». Horretan, danborradak asko lagundu duela uste dute: «aurreneko urteetan, emozio haundia zegoen jaiekin, baina 2009an, auzoko lagun baten heriotzaren ondorioz, hoztu egin ziren festak. Eta danborradarekin berpiztu ziren, 2011n. Beste buelta bat eman zien, eta balio haundia izan zuen jendearentzat eta jaientzat. Izan ere, danborrada auzoko txoko guztietara iristen da, eta guztiz batu zuen».
Ordutik, gora egin dute Zikuñagako jaiek: «oso gustora gaude izan duten eboluzioarekin, jendeak auzoarekiko izan duen aldaketarekin, eta haurrek jaiei ematen dieten bizitasunarekin. Urtetik urtera, gero eta kalitate haundiagoa dute jaiek, eta jendearen erantzunak erakusten du hori».
Kartel berezia, urteurren borobilean
10garren urteurrenean, jai hauek «sentimentalki bereziak» izango direla onartu dute: «asko gogoratzen gara bidean galdu ditugunekin, hainbeste lagundu ziguten horiekin».
Eta berezia prestatu dute kartela ere: aurreko 9 urteetako kartelak, eta iazko apar festan marraztu zuten 10 zenbakia. «Momentuan okurritu zitzaigun hori egitea, aurtengo kartelerako. Kuriosoa izan zen. Haurrek ez zekiten zertarako zen, eta galdetu egiten zuten. Aurten enteratu dira, kartela ikustean!», azaldu du Larrañagak.
«Iritsi gara nahi genuen tokira; orain, horrela mantentzea da helburua»
Dagoeneko ondo sendotuta daude Zikuñagako jaiak: «iritsi gara nahi genuen tokira, lortu dugu helburua, ez izatea auzo banatu bat, baizik eta denak etortzea eta parte hartzea festetan. Eta orain, horrela mantentzea da helburua, denentzako moduko gauzak antolatzen jarraituz, auzoa berriro ez banatzeko», dio Patty Navaisek.
Auzoan bizi direnak bakarrik ez, auzotar guztien elkargune izaten baitira festak, urtero: «elkartzeko puntua dira, bertan gaudenon eta kanpora bizitzera joan ziren auzotarren artean. Urte osoan ez ditugu ikusten, baina auzoko jaietara ez dute huts egiten», dio Larrañagak.