Martxan dira, asteartetik, Zubipeko zelaiaren oinarria egokitu eta belar berria jartzeko lanak. Lau asteko obra izango dela aurreikusten dute, eta irailaren 22rako bukatuta egongo dela: «zelai on bat jartzea lortu dugu, FIFAren 2garren mailakoa, aseguruen konsortzioak emandako diruarekin», azaldu zuen Esti Aldeiturriagak, kirol batzordeburu berriak, asteazkeneko batzordean.
«Urtero ateratzen da ura, eta zelaiari eta CD Hernaniren jardunari eragiten dio», aipatu zuen Luix Intxauspe alkateak: «horregatik, batetik planteatu zen petrila igotzea; proposamena egin dugu, eta erantzunaren zain gaude. Eta bestetik, lehengo Gobernu Taldea eta taldeko zuzendaritza bildu ziren, eta planteatu zen zelaia aldatzea. Udalak ezin zuen bere gain hartu kostua, baina aseguruaren bidez lortu zitekeen finantzazioa».
«Elkarlanean aritu gara uneoro, Udala eta taldea»
Aurrekoek hasi zuten bidea, baina zuzendaritza eta Gobernu Talde berriek egin dute lan haundiena, adierazi dutenez: «elkarlanean aritu gara uneoro. Martxoan ikusi zen obra sakonago bat behar zuela zelaiak, baina konsortziora joateko, txosten potente bat behar genuen, zelaiaren belarra aldatu behar zela erakusteko», azaldu zuen Aldeiturriagak.
Horretarako, Valentziako Biomekanika Institutukoak izan ziren Zubipen, azterketa egiten: «eta Madriletik, konsortzioak peritua bidali zuen, eta guk lanak egiteko aurrekontu desberdinak eskatu genituen bitartean. Baina beharrezkoa zen konsortzioaren adostasuna, administrazio lana martxan jartzeko».
Konsortzioaren adostasuna, uztailaren 2an
Aseguruak erantzuna eman bitartean, lanean aritu dira: CD Hernanik zelaiaren belarra kendu zuen auzolanean, Udalak azterketa topografikoa egin zuen... «Uztailaren 2an lortu genuen konsortzioaren adostasuna, eta berehala jarri ginen martxan: pleguak egin, enpresekin kontaktuan jarri, beste Udalekin harremanetan jarri zelaiak konparatzeko...», dio kirol batzordeburuak.
Enpresek aurrekontua bidalita, konturatu ziren ez zela nahikoa izango konsortziak emandakoarekin, eta Udalak erabaki zuen 20.000 euro jartzea bere aurrekontutik, beharrezkoa bazen: «baina azkenean, lehiaketako negoziazioarekin, nahikoa izango da asegurutik jaso dugun dirua, lan guztiak egiteko». Lehiaketa ireki zuten, bost eguneko epearekin, epe minimoa. Sei enpresei luzatu zieten gonbidapena, eta lau aurkeztu ziren. Abuztuaren 14an kontratazio mahaia osatu, eta OPSA enpresa aukeratu zuten: «hiru urteko mantenua ere eskaini du enpresak, zelaia aldatzeaz gainera».
OPSA enpresak egingo ditu lanak, eta hiru urteko mantenua ere eskaini du, zelaia aldatzeaz gainera.
Lanen kostua: 144.601,98 euro
Konsortzioak emandako kopurua 155.241,81 eurokoa izan da, eta hortik ordaindu dira ikerketa biomekanikoa (2.904 euro); katak edo zelaia altxatzea, azpikoa nola zegoen ikusteko (1.277,76 euro); azterketa topografikoa (302,5 euro); eta belarra kentzeko traktorea (1.000 euro).
Horrela, 149.757,55 euro geratu dira belar berria jartzeko, eta 144.601,98 eurotan adostu zuten aurrekontua, enpresarekin. Beraz, ezusteko haundirik ez bada, nahikoa izango litzateke konsortzioak emandako diruarekin.
Kiroldegiko lanetan, luzapena
Kiroldegiko obren martxa ere aipatu zuten kirol batzordean: «beti daude ezustekoak, eta oraingoan, sokaboi bat izan da. Lanean ari den enpresak luzapena eskatu du, eta txosten bat eskatu zaie zergatia azaltzeko. Edozein kasutan, kiroldegia martxan dago», argitu zuen Aldeiturriagak.