Zarauzko Bertso Eskolak Lizardi Saria txapelketako 39garren edizioa antolatu du aurten, eta gaur jokatuko da finala, 22:00etan hasita, Zarauzko Modelo aretoan.
Txapelketan 18 eta 25 urte arteko bertsolari gazteek hartu dezakete parte, eta aurten ere ez da hernaniarrik falta izan; lehengo astean jokatutako kanporaketetan aritu ziren Eli Pagola, Eñaut Martikorena eta Oier Iurramendi. Azken honek lortu du finalera pasatzea, eta gaur, hernaniarrak leku onean uzten saiatuko da, iazko marka buruan; Arnaitz Lasarte hernaniarrak bigarren egin baitzuen.
6 bertsolari gaur, finalean
Guztira, 16 bertsolarik hartu dute parte bi kanporaketetan, eta horietatik, 6 pasa dira gaurko finalera. Iurramendirekin batera ariko dira gaur Oihana Iguaran, Aitor Salegi, Haritz Mujika, Maider Arregi eta Gema Urteaga.
«Azken urteetako finalik irekiena»
Iurramendik «asmo haundirik ez» duela azaldu du, baina «azken urteetako finalik irekiena» espero du. «Historikoki Hernaniko Bertso Eskolak izen ona lortu du sariketa honetan, eta ea aurtengoa ere ondo egiten dugun!».