Gaur arratsaldean jokatuko dira sailkapen estropadak, Kontxako Bandera irabazteko lehian parte hartu ahal izateko, eta bertan izango da Hernaniko Maialen trainerua.
Arratsaldeko 17:30etan hasiko da norgehiagoka. A taldean aterako dira faboritoak: San Juan, Zumaia, Hibaika, Orio, Getaria-Zarautz eta Cabo. Neska hernaniarrek, berriz, B taldean hartuko dute parte, Chapela klubarekin eta Ligan atzean utzi zituzten Donostiarra, Oiartzungo Itsaslapurrak eta Colindres traineruekin batera.
Hernaniar gehiago, beste klubetan ere
Maialen traineruko neskak ez dira izango gaurkoan parte hartuko duten hernaniar bakarrak. San Juanekin beste hernaniar bat ere ariko da, Arantza Arregi, eta baita Amets Zapiain astigartarra ere.
Bestalde, mutilen sailkapen estropada 18:00etan jokatuko da, eta hor ere ez dira hernaniarrak faltako: Donostiarran ariko dira Andoni Saizar ereñotzuarra eta Jon Urretabizkaia hernaniarra, Xabier Zabala entrenatzailearekin, eta San Juanen, Ivan Lopez.