«Eskusoinuarekin baleontzian buelta emango diogu Euskal Herriari!»

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 1a, 02:00

Orain dela 7 urte hasi zen ‘Hernani’ Musika Eskolako akor­deoi taldea Pirritx, Po­rrotx eta Marimototsen ikuskizunak antolatzen, urtero ikas-bidaia bat egiteko dirua biltzeko asmotan. Dagoeneko, ohitura bihurtu da, atzoko aurkezpenean Maribel In­saus­ti zuzendariak azaldutakoaren arabera: «ikasturteari hasiera ematen diogu horrela, pozik eta gogoz».
Aurten, Txo, Mikmak Txikia ikuskizuna prestatu dute pailazoek; Ameriketatik bale baten gainean Euskal Herrira etorriko den Mikmak tribu indiarreko haurraren istorioa, eta San Juan baleontziari buruzkoa.

«Albaola Itsas Faktorian egurrezko amets bat egiten ari dira»

Sarrerak salgai
Emanaldia larunbatean izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita, Atsegindegin. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Leokadisti liburudendan eta Ikusi Makusi jolas dendan.

«Albaola Faktorian ere, atzera begiratzen dute, aurrera egiteko; Maialen traineruko neskek bezala!»
Larunbateko emanaldiaren berri emateko, Porrotx Her­nanin izan zen atzo, akordeoi taldeko musikariekin, ‘Her­nani’ Musika Eskolako zu­zen­dari Maribel Insaus­ti­rekin, eta Luis Intxauspe alkatea eta Koro Etxeberria kultura zinegotziarekin.
Pozik eman zuen Txo, Mikmak Txikia emanaldiaren berri. «Pasai San Pedron, Albaola Itsas Faktorian, egurrezko amets bat egiten ari dira; San Juan itsasontziaren erreplika egiten ari dira, Ternuara bidean duela 500 bat urte hondoratutako baleontzi euskaldunarena, alegia. Atze­ra begiratzen dute, aurrera egiteko; Maialen traineruko neskek bezala! Hortik sortu dugu ikuskizuna. Txo izena duen Mikmak tribu amerikarreko haurra Euskal Herrira etorriko da, eta egurrezko ametsa eraikitzen ari den Roke agurea ezagutuko du. Eta ametsa lortzean, guk ere es­kusoinuarekin buelta emango diogu Euskal Herriari!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!