Bigarren jardunaldiko bigarren partidua jokatuko dute gaur Urriza eta Utergak eta bertan erabakita geratu liteke Kutxabank Txapelketako lehenengo finalista (16:00, Galarretan). Bi erremontistek irabazi zuten lehenengo jardunaldiko partidua eta bigarren garaipena lortzen duenak, ia ziurtatuta luke finalerako pasea. Dena dela, biek itxaron beharko diote azken jardunaldiko emaitzari. Gaurko lehian erabakita geratu liteke ziur, Endika kanporatua den edo ez. Urrizak irabazten badu, matematikoki txapelketatik kanpo geratuko da.
Urriza faborito da, baina bigarren buruz burukoa du iaztik eta oraindik azken lesioko hobekuntza prozesuan da. Uterga berriz, gehiago ibili da azken urtean eta oso forma onean da. Lehia estua beraz. Gainera, biek gogoan izango dute iazko finala, Urriza nagusi izan zena.
Barrenetxeak sei puntu
Barrenetxea IVak 28-30 irabazi zion ostegunean Endikari eta azken jardunaldia, finalerako pasea lortzeko aukerekin jokatuko du eta sei punturekin. Hori bai, Utergari irabazi egin beharko dio, zuzenean sailkatzeko. Barrenetxea eta Endikaren arteko lehian, nerbioek eragin haundia izan zuten eta sakez 12 falta egin zituzten; seina bakoitzak. Emozio haundiko neurketa ere izan zen.