Buruz Buruko Kutxabank Txapelketa aurrera doa eta gaur, ligaxkako bigarren jardunaldiari emango diote hasiera Barrenetxea IVak eta Endikak. Dena izango dute jokoan, galtzen duena txapelketatik kanpo geratuko baita, ia seguru. Izan ere, lehenengo jardunaldiko galtzaileak dira biak. Endikari nagusitasunez irabazi zion Utergak, eta ez du punturik. Barrenetxea IVak, berriz, puntu bat dauka, Urrizaren aurka 24 tanto lortuta. Hori horrela, Barrenetxeak bi puntu lortzen baditu eta galduko balu, sailkatzeko aukera izango luke Utergaren kontrako partidua irabaziko balu. Endika matematikoki kanpoan geratuko litzateke.
Elkar ondo ezagutzen duten bi arerio dira eta aurrez aurre askotan aritu dira azken urteetan. Elkarren kontrako bosgarren partidua izango da eta aurrekoetan saldiastarra nagusi izan bada ere, baliteke gaurkoan hernaniarra izatea faborito. Barrenetxeak asko hobetu du eta Urrizari irabazteko gutxi falta izan zitzaion. Endika berriz, ez zen hain fin ibili Utergaren aurka.
Lau partidu, gaur
Beste hiru partidu ere jokatuko dira gaur Galarretan (16:00): Segurola-Labaka/Otaegi-Zaldua; Ezkurra-Zubiri/Ezkurra II-Etxeberria III; eta Matxin III-Martirena/Ansa II-Aizpuru III.