Gogotik gozatuta bukatu dira Ergobiko festak

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 26a, 02:00

Ergobiko jaiak astelehenean bukatu ziren eta azken egunean jokatu zen idi proba, Ergobiko Sari Nagusia. Gazteluren idi parea nagusitu zen 88 plaza eginda. Atzetik geratu ziren Oliden (83 plaza, 3 zinta eta 3,5 m), Arzadun (62 plaza) eta Matxain (60 plaza). 10 plaza azkarren egin zuenarentzako ere saria izan zen eta hori ere, Gazteluk lortu zuen. Itzai onenaren saria, berriz, Lopenek lortu zuen.
Igandean ere izan zen txapelketa eta desafio. Sagardo lehiaketan, Herrero-Irigoienek irabazi zuen, Alorrenea eta Gurutzeta atzetik utziz. Herri kiroletan, harrijasotzaileen txapelketa jokatu zen, Ergobiko 104 kiloko harri baldarrarekin. Izeta IIak irabazi zuen, 40 al­txaldirekin. Eta harri proba desafioan, Emarri nagusi. 20 minututan, 56 plaza eta 3 metro egin zituen eta Paollaren zaldiak ez zuen lortu ordu erdian lan hori bikoiztea. 96 plaza egin zituen. Ostiralean ere beste giza-proba desafio bat izan zen eta ergobiarrak nagusitu zitzaizkien Hernaniko errugbilariei. 65 plaza eta 50 plaza egin zituzten.
Herri krosean, berriz, Raul Gomez (32:56) izan zen nagusi gizonezkoetan eta Claudia Beho­bide (39:12) emakumezkoetan. Lehenengo ergobiarra Eneko Intxausti (42:28) izan zen. Argazkiak: kronika.eus. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!