Ohi bezala, hutsik geratuko da Goizueta ostiralean, San Agustin egunean. Izan ere, egun osoko festa egin ohi da Artikutzan eta bertara joaten dira ia goizuetar guztiak, haur, gazte, heldu nahiz adinekoak. Erromeria gisa hartzen dute goizuetarrek eta asko, goizean goizetik abiatzen dira oinez. Bizpahiru orduko ibilbidea da.
Ateak zabalik, goizean goizetik
Artikutzako ateak goizeko 08:00etan irekiko dituzte eta kotxeentzako aparkalekua, urtegiari buelta ematen dion pistan paratuko dute. Alde batetik sartu eta bestetik atera beharko da, beti norabide berdinean mugituz. Beraz, aparkatzerakoan, kotxeari ez zaiola buelta eman behar azaldu dute antolatzaileek.
Meza, pilota, herri kirolak...
Egitarau ederra prestatu dute oraingoan ere, meza, pilota partida, herri kirol eta dantzaldiarekin.
Artisau postuak eta tabernak
Egun osoan zehar, artisauen lanak ikusteko aukera izanen da, eta produktu desberdinak salgai egonen dira: taloak, gazta, pastelak, ogia... Horrez gain, bi taberna ere egokituko dira nahi dutenek jan eta edateko.
EGITARAUA
11:00, Meza. Egi Eder otxoteak parte hartuko du.
11:30, Pilota partidak: pasaka partida bat eta esku pelotako beste bat.
17:00, Herri kirolen erakustaldia:
Aizkolariak: Donato Larretxea-Joxe Mari Olasagasti/Aitzol Atutxa-Ugaitz Mugerza.
Harrijasotzaileak: Inaxio Perurena.
19:00, Dantzaldia.