Lanak martxa onean doaz eta ikasturte berrirako prest izango da eraikina

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 25a, 02:00

Ohi bezala, irailean buelta­tuko dira Hernani eta ingu­ruko herrietako ume eta gaztetxoak eskolara. Eta Urumea ikastetxeko ikasle, irakasle, guraso eta langileek sorpresa ederra izango dute, eraikin haundiagoarekin egingo baitute topo.
Gay Murreko eraikina haun­ditzeko lanak orain dela 10 hilabete hasi ziren, martxa onean doaz, eta ikasturte berri­rako prest izango dela azaldu dio Kronikari, obrako ardura­dunak: «Abuztuaren 31rako daukagu obra entre­gatzeko agin­dua, eta halaxe izango da. Iraileko lehenengo astean ira­kasleak-eta hasiko dira lanean eta guztia ego­kituko dute barrutik irailaren 9rako umeek dena prest izan dezaten».

Lau ikasgela, musika gela, jangela haundiagoa...
Elkano kaleko eraikina bota egingo da eta bertako ikasleak sartuko dira orain Gay Murren. Obraren eraginez, 4 ikasgela berri, musika gela berri bat, balio anitzeko gela bat eta jangela haundiagoa izango dira. Oraingo musika gelak uzten duen lekua aprobetxatuko dute jangela haunditzeko, eta langileen­tzako gela bat ere izango du, aldagela eta guzti.  
Gela arruntek 55 m2 inguru izango dituzte, bakoitzak; eta balio anitzeko gelak eta musika gela berriak 89 m2 inguru. Jangelak, haundituta, 146,82 m2-ko azalera hartuko du. Eta langileen gelak eta aldagelak, 40,79 m2.

Oraingo musika gelak uzten duen lekua aprobetxatuko dute jangela haunditzeko, eta langileentzako gela bat ere izango du, aldagela eta guzti.

Terrazan, umeen parkea haunditu
Eraikina haunditzkeo obra, Larramendi kalera ematen duen aldean egin da, terraza zegoen aldean, hain zuzen. Eraikinari gehitu zaion zatiak, aurrekoaren altuera eta zabalera berdinak ditu. Portxearen gainean eraiki da, espazio hori itxiz, goiko pisuetan. Beheko pisuan portxea mantentzen da, orain arte bezala, eta lehendabiziko pisuan, baita terraza ere, orain arteko eraikinean dagoen bezala. Jarraipena emango zaio terrazari (baina aterpearekin izango da) eta umeentzako egokituko da, parkea eginez,  kautxozko lurrarekin. Goiko bi pisuetan egingo dira gela berriak: bigarrenean, bi ikasgela eta balio anitzeko gela. Bertan egongo dira zuzendaritza eta idazkaritza. Eta hirugarren pisuan, beste bi ikasgela eta musika gela berria egongo dira.
Obra hau Eusko Jaurla­ritzako Hezkuntza Sailaren eskumena da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!