Sagardoa eta harriak, mota guztietako harriak, izango dira protagonista beste behin, Ergobiko Jaien igandean. Sagardo Lehiaketaren 54garren edizioak hartuko du goiza, 11:30etan hasita.
Arratsaldean, berriz, haurrentzako ikuskizuna emango dute Irrien Lagunek, eta ondoren, Ergobiko harri baldarra izango da erdigunea. Zazpi harrijasotzaile ariko dira lehian, tartean eta aurreneko aldiz txapelketa batean, emakume bat: Idoia Etxeberria.
Eta afalostean, berriro harriekin bueltaka, baina oraingoan tira egingo diote, jaso beharrean. Harri proba jokatuko dute Imanol Paollaren zaldiak, eta Emarri neska taldeak.
Raul Gomez lasartearra nagusi, krosean
Atzo jokatu zen Ergobiko Kross Herrikoia, eta Raul Gomez lasartearra izan zen nagusi, 32:56 denborarekin. Oso gertu ibili zen Ibai Alba hernaniarra, bigarren 3 segundura, atzetik aurrera egin ondoren. Bartzelonako Carles Montllorrek osatu zuen podiuma.
Emakumezkoetan, berriz, Claudia Behobide nagusitu zen, Itziar Gonzalez eta Ainize Mitxelenaren aurretik. Eneko Intxausti izan zen Ergobiko aurreneko auzotarra.
Ergobiko Jaietan, gaur
11:00, Meza nagusia Astigarragako elizan, auzoko hildakoen oroimenez.
11:30, 54. Sagardo Lehiaketa.
17:00, Irrien Lagunen eskutik, Ane eta Piratekin parrandan!
18:30, Herri kirolak, harrijasotzaileen lehia, Ergobiko 104 kiloko harri baldarrarekin: Idoia Etxeberria, Joxe Ramon Izeta II, Hodei Izeta IV, Iban Ugartemendia, Jexusmari Izeta III, Beñat Telleria eta Josetxo Urrutia.
21:00, Afaria plazako karpan, mariatxiek girotuta (txartelak jaietako txosnan salgai).
23:30, Harri proba: Hernaniko Imanol Paollaren zaldia, eta Astigarragako Emarri neska taldea.