Sei esku, bi baino hobeak dira patata tortilla bat egiteko, eta formula horrekin daramazkite bost urte, Idoia Aizpuruak eta Unax eta Mikel semeek, jaietako tortilla lehiaketan parte hartzen: «hirurak aritzen gara tortilla egiten, asko gustatzen zaie beraiei ere», azaldu du Idoiak. Estrategia ere ondo definitua daukate, Unaxek azaldu bezala: «nik arrautzak puskatzen ditut, Mikelek eta biok patatak zuritu, eta su kontuak amaren esku geratzen dira». Jolas moduan hasi ziren parte hartzen, baina zerbait gehiago ere badela konturatu dira: «festei laguntzeko modu bat ere bada, gero sagardo dastaketarekin jaten baitira tortilla horiek», dio Idoiak. 40 bat lagunek hartu ohi dute parte, baina berehala bukatzen dira tortillak: «horregatik, auzotar guztiak animatu nahi ditugu, tortilla egin eta parte hartzera. Ez da ezer kostatzen, eta festei laguntzen zaie horrela».
«Helburua ez da irabaztea, guztiak daude goxoak, izan gorriak, horiak, piperrarekin edo piperrik gabe...».
Tipula bai, piperrik ez
Idoiarentzat, sekreturik ez dauka tortilla batek: «arrautzak, patatak, gatza eta olioa, besterik ez du behar tortilla onak». Unaxek zuzendu dio baietz, badela besterik: «tipula botatzen diogu guk, baina piperrik ez». Trebeak dira hirurak sukaldean, iaz lortu zuten hirugarren sariak erakutsi bezala: «poza ematen du, batez ere haurrei. Baina helburua ez da irabaztea, denak daude goxoak».
«Ama oso sukaldari ona da, dena ateratzen zaio ondo», dio Mikelek, «baina gu ere aritzen gara sukaldean. Enpanadillak, bizkotxoak, krepak, hanburgesak... denetik egiten dugu».
«Gustatzen zaigu tortilla ezberdinak probatzea»
Beraiena entregatuta, gustora geratzen dira, «jada zerbait egin dugulako jaien alde». Eta tortillak dastatzeari ez diote uko egiten: «gustatzen zaigu lehiaketako tortilla ezberdinak probatzea, batez ere irabazlea», diote Unaxek eta Mikelek. Oso ezberdinak izaten baitira, gainera, parte hartzaileek egiten dituztenak: «gorriak, horiak, haundiak, txikiak, piperrarekin edo gabe... Eta hori polita da, etxe bakoitzean oso ezberdinak egiten direla ikustea». Barietatea haunditzera animatu nahi dituzte denak, eta bakoitzak berea egitera. Gainera, sagardo dastaketarako basoa eta detaile bana jasoko dute guztiek.