Finalez final hasi dute denboraldi berria, pelotari hernaniarrek. Denbora gutxian, dagoeneko badira bost jokatu dituztenak; horietako hiru, azken egunotan.
Finala jokatu bakarrik ez, txapela ere jantzi zuen Ioritz Arrietak, Amurrioko torneoan, herriko festen harira. Amurrioko Legarretarekin jokatu zuen Arrietak, eta semifinalean Goikolea eta Perezi irabazita (22-14), finalera pasa ziren. Bertan, Dorronsoro eta Galarza izan zituzten aurkari, eta oso estua eta gogorra izan zen partidua. Azkenean, baina, txapela ekartzea lortu zuen Arrietak (22-20), denboraldi honetan jantzi duen bigarrena.
Lizeaga finalista, Donostiako Aste Nagusian
Balentria hori errepikatzeko zorian izan zen Markel Lizeaga ere, Donostiako Aste Nagusiko torneoan. Lizaso zizurkildarrarekin aritu zen, eta Trinitate plazako frontoian jokatu zen txapelketa. Arzelus eta Elolari irabazi (22-18), eta finalerako sailkatu ziren, Larrañaga eta Uzkudun azpeitiarren kontra.
Final haundia, ordea, ez zen Trinitate plazan jokatu, euriagatik, Loiolan baizik, eta Lizeaga eta Lizasoren kalterako izan zen aldaketa, Hernaniko pelota elkartetik azaldu dutenez. 2-11 hasi ziren galtzen, eta gerturatu arren, ez zuten aukerarik izan (15-22).
Arrietak ezin errepikatu, Burlatako torneoan
Burlatako torneo garrantzitsuan ere izan da Ioritz Arrieta. Txapelak, ordea, ihes egin zion finalean, Azanza nafarra lagun, Santxo eta Imazen kontra (22-12). Berdinduta ere egon ziren partiduaren erdian (11-11), baina hortik aurrera, oso nekatuta aritu zen Azanza, eta Arrietak defentsan hamaika eta bat ahalegin egin arren, azkar bukatu zuten partidua usurbildarrak eta oiartzuarrak, 11-1 partzialarekin.