Bikain hasi, eta oso oker bukatu zen atzo arratsaldeko partidua, Endika Barrenetxearentzat. Buruz Buruko Txapelketaren ligaxkan, aurreneko lau puntuak lortuko zituela zirudienean, puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen, Urrizaren kontra 24-30 galduta.
Sakearekin min haundia egin zuen hernaniarrak partiduaren hasieran, eta ihes egin zuen markagailuan, 14-5 jartzeraino. Baina nafarrak ez zuen amore eman, eta lortu zuen hasiera txarrari buelta ematea. Baita ondo lortu ere: defentsaz baliatuz aurrena, eta sakearekin asmatuz ondoren, 18-18 berdindu zuen.
Berdinketatik aurrera, Urriza nagusi
Markagailua parekatuta, berdin jarraitu zuen Urrizak, eta nagusi izan zen bukaerara arte. 27-20 egin zuen ihes, eta partidua ia erabakita zegoela, tanto batzuk egitea lortu zuen Barrenetxeak, sakearekin arriskatuz. Ez zuen gerturatzea lortu, baina behintzat, 24 tantora iritsi zen, puntu bat lortzeko.
Urriza eta Uterga, lider
Atzoko emaitzarekin, semifinaletako ligaxkan lider daude Urriza eta Uterga, lau punturekin berdinduta, bakoitzak bere partidua irabazi ondoren. Hirugarren dago Barrenetxea, puntu bakarra lortuta, eta Endika da sailkapeneko azkena, punturik ez baitzuen pilatu Utergaren kontra.