«Gogoa daukagu bueltatzeko, baina joan aurretik, dantza eta jolas asko egingo dugu biharko festan»

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 21a, 02:00

«Baratzera goaz oraintxe, tomateak hartzera. Asko gus­ta­tzen zaizkigu tomateak!» zio­ten pozik, atzo goizean elkartu zirenean, uda herrian pasatzen ari diren hiru haur sahararrek: Salka Ali Ram­dam, Leila Abdi Embarek eta Usama Selma. Eta baratzean bezala, beste hamaika gauza egiten aritu dira Maialen Torres begiralearekin, uda osoan zehar: «oso ondo pasa dugu Maialenekin; Donostiako irlara joan gara, piraten egu­nean ere egon ginen, esku­la­nak egiten...».
Baina, bereziki, jolastea eta hondartzara edo igerilekura joatea gustatu zaie. «Askotan joan gara, eta pila bat gustatu zaigu», dio Usamak: «bueno, hondartzako hondarra ez zait gustatu, ez da hangoa beza­la­koa, txarra da», onartu du.

«Bueltatzeko gogoa ere badaukagu, faltan botatzen dugu familia»
Bizikletan eta patinetan ibili dira herrian bueltaka, eta bai­ta kanpoan oporretan ere: «la­gun asko egin ditugu, hemen eta kanpoan». Hala ere, etxera bueltatzeko gogoa ere badau­kate: «faltan botatzen dugu familia. Baina pena ere eman­go digu; gu Saharara goaz, baina hemen hartu gaituz­tenak ez datoz gurekin».
Hurrengo larunbatean buel­­tatuko dira Saharara, eta joan aurretik, despeditzeko festa egingo dute bihar, Tilosetan. Sutu Jaiakek eta Udalak anto­latu dute elkar­lanean, eta 17:00e­tan hasita, denetik izan­go da: henna egingo dute (es­ku­ak margotu), tea ere bai, hai­ma bat mon­tatuko dute, jola­sak izango dira, kon­tzer­tuak...

«Pertsianak, igogailuak eta eskailerak oso arraroak ziren guretzat»
Etorri ziren aurreneko aldian, dena zen berria beraientzat. «Pertsianek deitu zidaten aten­tzioa nola igo eta jaisten ziren», onartu du Usamak. Leilari, berriz, igogailuak egiten zi­tzaizkion arraroak, eta hasie­ran paretei helduta joaten zen, baina gero, behin eta berriz ibili da gora eta behera. «Eta eskailerak ere ez dauzkagu Saharan», dio Salkak.
Hondartzarik ere ez daukate errefuxiatuen kanpamendu­etan: «gure lurrak kendu zizkiguten marokoarrek, han bageneukan hondartza. Orain, kanpamenduetan, janaria eta ura oso gutxi daukagu, eta bero haundia egiten du udan, 50 gradu ere bai. Egunez lotara joan behar dugu, kalera ateraz gero erre egiten garelako».

«Chertat oso barregarria da»
Hirurek irakurri dute, Doberak argitaratu berri duen Saharako ipuina: Chertat eta lehoia. Oso ondo ezagutzen dute Chertat, istorio asko dauzkate entzunda berari buruz: «ipuina oso polita da, eta Chertat oso barregarria. Dena jaten du, harrapatzen duen edozein animalia: astoak, txerriak, txakurrak, zaldiak... Sutan jarri eta ahora eramaten ditu, eta bere ahoa gu baino haundiagoa da», diote. 

‘Chertat eta lehoia’ aurkeztuko dute gaur, Tolosan

Chertat eta lehoia Saharako ipuina argitaratu du Dobera Euskara Elkarteak, Abdi Ami Omar margolariaren laguntzaz, eta gaur aurkeztuko dute Tolosan. Bertan, agur festa antolatu die haur sahararrei, 17:00etatik aurrera, Tolosaldea Sahararekin elkarteak, eta zita aprobetxatuz, ipuina aurkeztuko dute, gaueko 21:45etan. Ipuina irakurri ere egingo du Jexux Eizagirrek, eta ondoren, bertaratzen diren haur sahararrei banatuko zaizkie. 
Izan ere, asmoa da Hego Euskal Herrira etorri diren 450 haurrei ipuin bana ematea. Horretarako, herritarren laguntza beharrezkoa da, eta hiru aukera daude: partizipazioak erosi 30 eurotan, ipuin bat jaso eta bestea haur saharar bati oparitzeko; dirua ingresatu, izen-abizenak jarriz, 2100 2403 81 0200139836 (La Caixa) kontu korrontean; edo Doberaren bulegoan ipuina erosiz, 15 euroan; bazkideek 12 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!