Uterga nagusi, ligaxkaren estreinakoan

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 20a, 02:00

Modurik onenean ekin zion Xanti Utergak semifinaletako ligaxkari, Buruz Buruko Txa­pelketan: 30-19 irabazi zion Endikari, ligaxkaren estreinako partiduan, eta gertuago dauka final haundia.
Torneoan ere, aurreneko partidua zuen doneztebarrak, baina ez zuen kaltean izan, eta ederki erakutsi zuen sasoiko dagoela. Txapelketa irabazteko faboritoetako bat da Uterga, eta nabarmen erakutsi zuen zergatik, atzokoan.

«Oso eroso sentitu naiz, eta ez dut ia akatsik egin»
Hasieratik bukaerara, oso sendo aritu zen Uterga. Mar­kagailuan agintzen hasi zen (7-4), baina aurrea hartu zion Endikak gero (7-8). Baina hor bukatu zen partiduko oreka: bederatzi tanto egin zituen Utergak segidan, eta 16-8 jarri zen, partidua erabat hautsiz.
«Oso eroso sentitu naiz kantxan», azaldu zuen doneztebarrak, «eta ez dut ia akatsik egin. Ondo aritu naiz». Zesto berriarekin aritu zen Uterga, eta mesede egin zion horrek ere: «aurrelariok asko sufri­tzen dugu sakearekin, eta zes­to berria eta gogorragoa izanda, pelota azkarrago ateratzen da. Horrek lagundu egin dit».

«Indarrik gabe nengoen»
Endikak, bere aldetik, onartu zuen ez zela bere maila onenean aritu: «indarrik gabe nengoen, txispa gabe, eta pelota ez zitzaidan ateratzen».
Zortzi tanto atzetik zela, bi aldiz gerturatu zen markagailuan, 16-12 eta 21-16 jarrita, baina aukerarik ez zion eman Utergak. Akats gehiegi egin zituen Saldiaseko atzelariak, eta 28-17 alde egin zion berriro.
Azkenean, lau puntuak lor­tu zituen Utergak, eta 24 tantora iritsi ez zenez, punturik gabe geratu zen Endika. «Orain, bi partiduak irabazi behar ditut derrigor, finalean sartzeko», azaldu zuen atzelariak.
Larunbatean jokatuko dute ligaxkako bigarren partidua, Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Urrizak.

Binakako lau partidu, gaur
Buruz Burukoari berriz heldu aurretik, binaka ariko da gaur Barrenetxea, Etxeberria IVre­kin, Ezkurra eta Ionen kontra. Beste hiru partidu ere jokatuko dira Galarretan, 16:00etan ha­si­ta, guztiak binaka: Goiko­e­txea V-Aiz­puru III/Otaegi-Mar­ti­rena; Ansa II-Agirre­za­ba­la/Ezkurra II-Zubiri; eta Matxin VI-La­ba­ka/ Segurola-Larrañaga. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!