Aurreko postuetan bete-betean sartuta aritu dira Luis eta Iñigo Goñi igerilari hernaniarrak, Kazanen jokatu den Munduko Txapelketan. Ur irekietan brontzezko domina bana lortu ondoren, maila bikainean aritu dira igerilekuan ere.
800 metrokoa izan zuen Luisek, 3.000ko proba egin eta bi egunera, eta nekea nabaritu zuen bukaeran. Bigarren ere egon zen, baina bi postu galdu eta podiumetik kanpo geratu zen azkenean. Hiru egun geroago, berriz, seigarren izan zen 200 metrotan, oso maila haundiko proba batean.
Iñigok, bere aldetik, 13garren egin zuen 200 metrokoan, eta 50 eta 100 metroko bizkar probak egin ditu asteburuan: 11garren eta 9garren izan da.
Luis Goñi bigarren eta Peru Alfaro hirugarren izan ziren igandean, Paseo Berriko igerialdian.
«Instalazioak eta antolaketa bikainak izan dira»
«Oso esperientzia polita» izan da Munduko Txapelketa, bi anaientzat, eta nabarmendu dute, instalazioak eta antolakuntza «bikainak» izan direla. Hori bai, kosta egin zaie ordutegi aldaketara ohitzea, eta horrek nekea gehitu die.
Paseo Berriko igerialdian, Luis Goñi eta Alfaro bikain
Mundialetik bueltatu berritan lehiatu zen Luis Goñi, Donostiako Paseo Berriko igerialdian, eta bigarren izan zen, Ander Arruabarrena zizurkildarraren atzetik. Gainera, Peru Alfaro hernaniarrak osatu zuen podiuma. Beste zortzi hernaniar ere aritu ziren: Aitor Goñi (54), Andutz Arregi (89), Yoli Pastor (186 eta 5garren neska), Iñigo Garcia (190), Ander Urreta (266), Kerman Urreta (267), Joxeba Iurramendi (440) eta Mikel Aierdi (452).