Hernaniko Errugbi Elkartea 50garren urteurrena ospatzen ari da aurten; hori alde batetik. Ergobiko jaiak hastear dira; hori beste aldetik. Eta biak uztartuz, zer aterako eta… Desapiyua! Giza proban neurtuko dituzte indarrak Txinparta taldeak (klubeko bigarren taldeak) eta Ergobik. Zortzi gizonezko, zortzi gizonezkoren kontra ariko dira, 900 kiloko harriarekin, zeinek plaza gehiago egin. 20 minutuz ariko dira, jarraian, deskantsurik gabe.
Ostiralean izango da ikuskizuna, gaueko 23:30etatik aurrera, Ergobiko plazan. Aurrez, 20:00etan, pisaketa egingo dute. Pisuaren arabera erabakiko dute ze talde aterako den lehendabiziko txandan, edo bigarrengoan.
«Buelta ondo ematea da zailena»
Asier Gaztañaga taldekideak desapiyuaren berri eman dio Kronikari: «Ergobiko festetan, azken urteetan beti antolatu izan dute giza probarekin zerbait eta oraingoan guri komentatu ziguten, klubaren 50garren urteurrena zela eta, gurekin gogoratu ziren. Baiezkoa esan genuen, baina ez genekien ondo non sartzera gindoazen…».
Giza proba ez dela batere erraza azaldu du Gaztañagak: «Zuek errugbilariak izanda, meleak eta egiten badakizkizue eta erraz moldatuko zarete, esaten digute askok. Baina denak ez gaude meleak egiten ohituak, errugbian ere bakoitzak bere postua dauka, eta gainera, ez da indarra bakarrik. Teknika da asko hemen, eta burua. Kurba ematea da zailena. Partidu bat baino gogorragoa da hau!».
Hala ere, laguntza haundia izan dute hasiera hasieratik eta hori eskertu nahi izan du Gaztañagak: «Lehenengo egunetik lagundu digute, materiala utziz: arnesak, harria, plaza, oinarria… eta teknika erakutsiz». Eta dexente ari direla entrenatzen ere azaldu du: «San Joanak eta gero hasi ginen eta astean bitan aritu gara entrenatzen».
50 plaza bai behintzat
Ostiralekoa, taldearentzat erronka bat dela azpimarratu du Gaztañagak, zerbait berria, eta irabaztea zaila ikusten badute ere, ahal dutena ematera aterako dira plazara. «Beraiek esperientzia haundia dute, 3-4 urte daramazkite giza proban eta hori nabaritzen da. Guk, helburu bezala, gutxienez 50 plaza egitea jarri dugu. Klubak 50 urte bete dituenez, plaza kopuru hori egin nahi dugu behintzat».
«Lehenengo egunetik lagundu digute, materiala utzitz eta teknika erakutsiz. Asko eskertzen dugu hori»
Hamaika kide, desafioa prestatzen
Zortzi lagun ariko dira harriari tiraka, baina oraindik ez dute erabaki zeintzuk izango diren zortzikoa osatuko dutenak. Desafioa prestatzen, behintzat, hamaika lagun ari dira, eta horien artean dago Agustin Galarza “Bus”. Itzai lanetan ariko da eta Ergobikoa izaki, horrek ere saltsa sortu duela dio Gaztañagak. Gainerako kideak, honakoak dira: Iñaki Illarramendi, Beñat Aldaregia, Lander Meaza, Imanol Gorrotxategi, Unai Santesteban, Jon Felipe, Jon Galdeano, Asier Gaztañaga, Adrian Leon eta Orats Mouriño.
Ergobiko taldean, berriz, ez dira ergobiarrak bakarrik ariko. Ereñotzuko Paolla eta bere semea tartean dira eta kanpoko beste batzuk ere badira.
Ostiralean Ergobira gerturatzeko gonbidapena
Ikuskizun polita izango dela, dudarik ez, eta errugbi elkartetik herritar guztiei luzatzen diete gonbidapena ostiral gauean Ergobiko plazara gerturatzeko. Gainera, Ergobiko jaien barruko ekitaldia izango da, baina baita Errugbi Elkartearen 50garren urteurren festa barruko ekitaldietako bat ere.