Santiomendin eta Aranon badira zenbait egun urtean seinalatuak direnak, eta horietako bat da San Roke eguna. Abuztuaren 16a festa egun gisa markatua dute askok eta askok, egutegian. Edizio honetan ere, izango da zerekin gozatu. Santiomendin ermitaren bueltan izango dira ekitaldiak; eta Aranon, herriko txoko ezberdinetan.
Done Jakue ermitan, Santiomendin
Asteburu borobila izaten ari dira Astigarragako Santiomendi auzoko bizilagunak. Atzo auzoko eguna zuten; eta gaur, San Rokeren omenezko festa, Done Jakue ermitan. Mezarekin hasiko dute eguna, 11:00etan. Irteeran, Astigar dantza taldeko kideen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Bertan bazkaldu nahi duenarentzat, betizu-jatea antolatu dute. Eta festari errematea emateko, Alaiki musika taldeak girotuko du arratsalde partea.
Iluntzera arte festa, Aranon
Goizeko 10:15etan elkartuko dira txistulariak herriko Plazan, eta hori izango da festaren abiapuntua. Antonio Ezeizak 10:30etan jarriko ditu martxan San Martin parrokiko kanpaiak, eta txistulariek San Roke ermitarako bideari ekingo diote. Meza 11:00etan hasiko da ermitan bertan, eta Esteban Irurzun parrokoak emango du.
Mezaren ostean, kalejiran itzuliko dira gerturatutako guztiak, ermitatik herrira. Bazkaldu aurretik, esku pelota partidua jokatuko dute gazteek, herriko pelotalekuan. Bazkaria 14:30etan hasiko da, eta ohi bezala, Kontsejuan egingo da. Kalejira eta Agur jaunak abestiaren doinuekin bukatu dute, San Roke eguna.
SANTIOMENDIN
Done Jakue ermitan
11:00 Meza
12:00 Astigar taldeko dantzariak
14:00 Labeleko betizu-jatea
*Txartelak salgai Ikatza tabernan
17:30 Alaiki musika taldea
ARANON
10:15 Txistularien elkartzea, Herriko Plazan
10:30 Kanpai jotze saioa, Antonio Ezeizarekin, San Martin parrokiatik
10:30 Txistularien irteera San Roke ermitara
11:00 Meza, San Roke ermitan, Esteban Irurzun parrokoaren eskutik
12:15 Kalejira txistulariekin, herriko kaleetan
13:30 Esku pelota partidua gazteen artean
14:30 Herri bazkaria Kontsejun
19:00 Kalejira herriko txistulariekin.
20:00 Jai bukaera ‘ Agur Jaunak’ abestiarekin.