Euskal Herriko herri eta auzo askotan festa eguna da gaurkoa. Amabirjinaren bueltan, jai asko izaten dira han eta hemen, eta Urumea bailaran ere izango da ondo pasatzeko nahikoa aukera. Goizuetan atzo hasi ziren jaiak, eta gaurkoa dute festetako egun haundia. Astigarragako Santiomendi auzoan berriz, urteko egunik garrantzitsuena dute, auzotarrak festa giroan elkartzen diren eguna.
Festa goizean goizetik, Goizuetan
Dianak esnatuko ditu goizean goiz goizuetarrak; nahiz eta izango diren, oraindik lotara joan ez direnak ere. Guztientzako, entzierroa antolatu dute 08:00etan, Lasturko zezenekin; eta herri gosaria ondoren, ikastolako tabernan. Amabirjin eguna izaki, tradizioa diren bi ekitaldik markatuko dituzte eguerdi aurreko orduak: mezak eta ohiko prozesioak. Eguerdian erraldoi eta buruhaundiak ibiliko dira herriko kaleetan barrena; eta pelota partidua ere izango da, pelotalekuan. 13:30etan, Igandea txarangak jarriko du saltsa; eta handik aurrera, bazkaldu eta deskantsurako tarte txiki bat izango da. Festak 18:00etan izango du segida, Lasturreko zezenekin. Arratsalde parteko beste ekitaldi nagusia, bertso saioa izango da. Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Sustrai Kolina eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan, eta M. Arozena, gai jartzaile lanetan. Gauerako indarrak hartzeko, afari herrikoia antolatu dute elkartean. Eta ondoren, gorputzak bale esaten duenera arte, musika izango da: Txapelpunk eta Tximeleta, Plazan; kalejira herrian barrena; Dj Bull ikastolan, eta Igandea txaranga kaleetan zehar.
Egun osoko festa, Santiomendi auzoan
Astigarragako Santiomendi auzoan bizi direnek ere, urteroko zita dute Amabirjin egunez. Dianarekin hasiko dute, festa eguna. Ondoren, tradizioa bihurtu den oilasko biltzean elkartuko dira auzotarrak. Tortilla lehiaketa eta sagardo dastaketak girotuko du eguerdi partea. Eta nola ez, zaldi demarik ere ez da faltako. Aurten Asteasuko Andoni Mendizabal eta Orioko Imanol Etxeberriaren artean izango da lehia. Indarberritzeko, auzo bazkaria antolatu dute; 14:00etan hasiko da. Eta iluntzera bitarteko plana, herri kirolen bueltan izango da; nahi duenak, toka txapelketan parte hartzeko aukera ere izango du. Eta festa eguna errematatzeko, zer hobe, auzo afaria baino.
GOIZUETA AMABIRJIN EGUNA
07:00 Diana dultzaineroekin.
08:00 Entzierroa Lasturko zezenekin.
09:00 Herri gosaria ikastolako tabernan.
10:30 Meza nagusia eta ohiko prozesioa.
12:00 Pilota partidak.
12:00 Erraldoi eta buruhaundiak.
13:30 Igandea txaranga.
18:00 Zezenak Lasturren eskutik.
19:30 Bertso saioa: Bertsolariak: B. Gaztelumendi, J. Maia, S. Kolina eta A. Mendiluze. Gai jartzailea: M. Arozena.
21:45 Afari herrikoia elkartean.
23:00 Kontzertuak plazan: ‘Txapelpunk’ eta ‘ Tximeleta’.
Kontzertuen ondoren ‘DJ Bull’ ikastolan eta Igandea txaranga.
SANTIOMENDI AUZOKO JAIAK
09:00 Diana.
09:30 Oilasko biltzea.
11:30 Tortilla lehiaketa eta Sagardo Dastaketa.
12:00 Zaldi dema.
14:00 Auzo bazkaria.
18:00 Herri kirolak.
19:00 Toka txapelketa.
21:00 Afaria.