Joan den larunbatean Tilosetan eroritako ezkiaren harira, prentsa oharra bidali du Kronikara Udaleko herri-lan zerbitzuak. Oharraren hasieran dio, herritarren segurtasuna bermatze aldera, Udala herriko zuhaitzetan egin beharreko lanak egiten ari dela: «Ezkiaga pasealekuan asteburuan eroritako zuhaitza dela eta, Udalak herritarrei azaldu nahi die gertaeraren aurretik ere lanean ari zela herriko zuhaitz ezberdinen inguruan egin beharreko lanetan».
«Txostenean berehalako bezala jasotako lanak, udazken-neguan egitea aurreikusita zeuden, irailean hasi eta 2016ko urte hasieran jarraipena eman»
Txostena eskatua zuen Udalak
Oharrean azaldu dutenez, Hernaniko zuhaitzen egoera jakiteko, txostena eskatua zuen Udalak: «zuhaitzak, izaki bizidun diren aldetik, jaio, hazi, gaixotu eta hil egiten dira. Hauen mantenuak etengabea izan behar du planifikazio egoki batekin. Hau horrela, Hernaniko zuhaitzen egoera jakiteko, egoeraren inguruko txostena eskatu zitzaion herriko zuhaitzen mantenua egiten duen enpresari. 2015eko ekainean sinatua dago txostena».
Txostenean hainbat ekintza proposatzen direla dio, Udalak: «herriko parke ezberdinetan dauden zuhaitz heldu eta haundien egoera azaltzen da, eta zenbait ekintza proposatu dira. Ekintza batzuk berehalakoak dira, eta beste batzuk aldiz, epe ertainekoak eta lan mota eta urtaroaren arabera uztartu beharrekoak, adibidez kimaketa eta landaketak».
Udazken-neguan egitea, aurreikusia
Udalaren esanetan, txostenean berehalako bezala jasotako lanak, udazken-neguan egitea aurreikusia zuten: «irailean hasi eta 2016 urte hasieran jarraipena eman. Abuztuak 8an gertatutakoaren ondorioz, erorketaren txosten bat eskatu da, eta aldi berean, lehendik jasotako informazioa alderatu eta zuhaitzen egoera berriro aztertzea eskatu da».