Sagardoak eta kirolak bat egingo dute bigarren urtez, Sagardobidea Erronkan. Irailaren 26an jokatuko da bigarren edizioa, SagarUzta ekimenaren barruan; goizeko 11:00etan hasiko da, eta momentuz, 11 talde animatu dira.
Lau laguneko taldeek hartzen dute parte
Sagardobidea Sagardoetxetik abiatzen da berez, eta Santiagomendiko ermitarako bidea egiten du. Bide hori ezagutzera emateko gogoz antolatu zuten joan den urtean aurreneko edizio. Badira ordea, aldaketa ba–tzuk. Proba Udaleko plazatik aterako da, eta partehartzaileak taldeka ariko dira. Lau lagunez osatutako taldeak izango dira: bi neska eta bi mutil. Oinarrizko baldintza da, taldeko lau kideetako hiru Astigarragakoak izatea: bertan jaioak, bizi direnak edo-eta nolabaiteko lotura dutenak.
Ibilbidearen zati bat berreskuratuko da aurten
Esan bezala, ibilbidea Plazatik hasiko da, eta Santiagomendiko ermitarako bidea egingo dute partehartzaileek. Aurten gainera, nobedade bat izango da; izan ere, ibilbidearen zati bat berreskuratu da, Goiko Iturriko bidetik barrena egiten dena. Garbitu eta hortik egiteko asmoa dute bigarren edizio hau.
Korrika eta bizkletan, erreleboan
Proba errelebo formatuan jokatzen da. Partehartzaile bakoitzak sei kilometro eta erdi inguru egin behar ditu. Bizikletan eta korrika egin behar da proba, eta turnoak izango dira: mutilak egiten du aurreneko buelta bizikletan; erreleboa ematen dio korrika egingo dion neskari; honek, bizikletan ariko den neskari; eta honek, korrika egingo duen azken mutilari.
Patrozinioak
Taldeek sagardotegi, nekazalturismo edo antzeko baten izenean egingo dute proba; azken hauek talde hori patrozinatzen baitute.