Zelaiarekin atzera eta aurrera, baina gogotsu ari dira aurredenboraldian Hernaniko taldeak

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 27a, 02:00

Hernaniko hiru talde nagu­siek hasi dute aurreden­bo­ral­dia. Mutiletan, Ohorezko Erre­gio­nalek abuztuaren 3an ekin zieten entrenamenduei, eta Preferenteek abuztuaren 10ean. Nesken Euskal Ligako taldeak, berriz, lehengo aste­an. Hiru tal­deek gogotsu ekin diote aurre­denboraldiari, nahiz eta zela­ia­ren arazoak tarteko, atze­ra eta aurre­ra ibili. Izan ere, Z­ubi­pe ez dago oraindik prest jokatzeko. Aurre­ikuspenen ara­bera, iraila erdi­aldera bukatuko dira lanak. Eta bitar­tean, Ast­ga­rragan, Mati­go­xo­tegin, Zubi­e­tan, Usur­bilen... ari dira en­tre­na­tzen, ordute­gietara astero mol­datuz. «Baina zelaia dugun bitartean, kontentu», dio Ando­ni Loran nesken entrenatzaileak.

Lagunarteko hainbat partidu
Hiru taldeak serio ari dira entrenatzen, astean 3-4 aldiz, eta lagunarteko hainbat par­tidu ere jokatu dituzte, eta joka­tuko dituzte. Ohorezko Erregio­nalek, lautik hiru irabazi dituzte (atzo jokatzekoak ziren beste partidu bat) eta larunbat honetan, lau talderen arteko txapelketa jokatuko dute Andoainen. Euskalduna eta Tolosa bertan izango dira, besteak beste.
Preferenteek berriz, hiru partidu jokatu dituzte eta bi galdu, eta azkenekoan berdin­keta lortu zuten (atzo jokatze­koak ziren beste partidu bat). Pixkanaka zentratuz doaz. Larunbat honetan Mutrikun jokatuko dute, Realaren aurka.
Eta neskek atzo jokatu behar zuten lehenengo amis­tosoa. Triangularra zeukaten, Añorga eta Mariñoren aurka. Bihar, berriz, bigarren mai­la­ko Añorgaren aurka neurtuko dira 20:30etatik aurrera, Zubietan. Eta ohiko entre­namendu eta partiduez gain, plan bereziak egiten saiatzen ari dira: hurrengo astean piraguekin Donostiara joango dira, paintballean ariko dira, mendira irteeraren bat egingo dute, hondartzara...

Hirugarren maila, bistatik galdu gabe
Irailaren 12-13ko asteburuan hasiko du liga, mutilen oho­rezko mailako tal­de­ak, Oiar­tzu­nen aurka. Helbu­ruari da­go­kionez, lehengo urtean era­ku­tsitako irudi lehiakorra man­tendu nahi du taldeak eta ahalik eta postu onenean ge­ra­tu sailkapenean. «Lasai­ta­sun osoz, baina hirugarren maila bistatik galdu gabe», diote.
Taldeari erreparatuz, ia bere osotasunean lehengo urteko jokalariek osatzen dute, baina hiru baja eta hiru fitxaketa izan dira. Taldea utzi dutenak: Axier Mingo (zenbait urtez kapitain izandakoa), Andoni Urio eta Gaizka Aduriz. Eta fitxaketak: Luis Perez, Alberto Nagore eta Jon Ander Mora. Horrez gain, lehengo urtean bigarren taldean zeuden bizpahiru jokalari ere sartu dira.

Helburua, jokalariak zailtzea
Preferenteek hilaren 19an jokatuko dute ligako aurreneko partidua, Rotetaren aurka. Joxeja Oiarbide da entrena­tzailea eta taldea gaztetzea zela helburuetako bat azaldu dio Kronikari: «19-22 urteko muti­lak ditugu aurten. Jende gaztea izatea zen helburua eta jubenil dexente ere igo dira». Helburu nagusia, bigarren talde bezala, «jokalariak zailtzea» dela na­bar­mendu du: «Jokalari hauen helburua da goiko taldean jokatzea eta horre­tarako joka­lariak egitea da asmoa. Egia esan, zaila da, baina badago jende ona. Horrez gain, den­boraldi polita egiten eta disfru­tatzen saiatuko gara».  

«Ahalik eta azkarren salbatzen saiatuko gara»
Andoni Loran nesken taldeko entrenatzaileak argi dauka: «Ahalik eta azkarren salbatzea izango da helburua. Gero, iku­siko da. Iaz, bukaera arte sufri­tu genuen eta ea aurten lasaia­go ibiltzen garen». Taldea oso gaztea dela nabarmendu du, «baina ideia argiekin, lusioa­rekin eta gogo haundiarekin».
Lau baja izan dituzte: Irati Altuna (2. mailako Añorgan ari da), Alazne Urdangarin, Ane Ibarburu eta Leire Juanes. Azken horiek futbola utzi dute. Baina jokalari berriak ere sartu dira: «Iaz jubeniletan eta kadeteetan aritu ziren jokalari batzuk igo dira, eta taldea indartu da». 21 dira plantilan.
Aurten, Mikel Oruezabala izango da bigarren entrena­tzailea eta prestatzaile fisikoa. Eta laguntzaile moduan, An­do­­ni Urio, Aritz Lujanbio, Iñaki Altuna, Julen Goia eta Iñaki Dominguez ariko dira beheko taldeetan. Joxan Arabiotorre izango da delegatua.
Neskek, irailaren 26an ekingo diote ligari, etxean, eta ordurako Zupibe prest egotea espero da.

Nesken partiduak ikustera joateko deia
Taldetik dei egiten diete Her­naniko zaleei beraien partiduak ikustera jaisteko, «nesken futbo­lari indarra eman nahi diogulako eta denon bultzada behar dugulako».


LAGUNARTEKO PARTIDUAK

Ohorezko erregionalak
Abuztuak 29: Andoaingo Txapelketa.
Irailak 1 edo 2: Mundarro-Hernani
Irailak 5: Andoaingo Txapelketako azken partidua.

Erregional preferenteak
Abuztuak 29: Realaren aurka, Mutrikun.

Nesken Euskal Ligako taldea
Bihar: Añorga (2. maila)-Hernani, Zubietan (20:30).
Irailak 5: Beasain (Euskal Liga)-Hernani, Beasainen (15:30).
Irailak 12: Orioko (lurralde maila)-Hernani-Añorga, Rezolan.
Irailak 15: Gasteizko neskak (lurralde maila)-Hernani, Gasteizen.
Irailak 19: Mariño (2)-Oiartzun (Euskal Liga)-Hernani, Oiartzunen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!