Beñat Clemente, Beñat Garmendia eta Josu Herrero Donosti Berri-Fullgas taldean dabiltzan hiru txirrindulari hernaniar dira. 16 urte dituzte (Clementek betetzeko dauzka). Kadete mailako bigarren urtea izan dute aurtengoa eta denboraldia bukatu den honetan (uztailaren 26an izan zen azken lasterketa), balorazioaren berri eta etorkizuneko asmoen berri eman diote Kronikari.
Hernanin hasiera
Clementek eta Garmendiak seigarren denboraldia izan dute aurtengoa. Hernanin hasi ziren, taldea sortu zen urtean, hain zuzen. Hernanin, alebin eta infantil mailan bakarrik dago taldea eta kadeteetatik aurrera, beste talde batera joan behar izaten dute txirrindulariek. Donosti Berri taldearekin oso harreman ona dutela azaldu dute eta bertara joateko gomendatzen dutela Hernanitik.
Aitonak bultzatuta hasi zen txirrindularitzan Clemente: «Aitonari asko gustatzen zaio eta biloba guztiok probatzea nahi zuen. Ni naiz lehengusuetan zaharrena eta animatu egin nintzen. Hernanin probatu nuen eta gustatu egin zitzaidan».
Garmendia ere etxeko giroak bultzatuta hasi zen: «Etxean asko jarraitzen dugu txirrindularitza eta asko gustatu izan zait beti».
Beste biek bezala, Herrerok ere Hernanin hasi zuen ibilbidea, baina taldea sortu eta hurrengo urtean hasi zen. Urtebete egin, eta utzi egin zuen. Aurten hasi da berriz, Donosti Berri taldearekin. Osaba ibiltzen zen eta gustatu egiten zitzaidan. Etxekoei orokorrean ere gustatzen zaie eta aurten berriz animatu naiz», dio.
Pixkanaka, hobetzen
Denboraldiari begira, pixkanaka hobetzen doala azaldu du Clementek: «Gutxitik gehiagora joan naiz eta gustora nago. Hobetzen goaz». Herrero ere gustora dago denboraldiarekin: «Hobetzeko asko daukat oraindik, baina lehenengo urtea izateko ondo joan da». Garmendia, berriz, ez da hain gustora geratu: «Karreteran ondo hasi nintzen, lehenengo karreran bigarren postua lortuz, baina beheraka egin dut».
Emaitzak emaitz, txirrindularitza oso gustoko dute hirurek eta datorren denboraldian jarraitzeko asmoa dute. Abuztuko atsedenaldiaren ostean, irailean hasiko dira entrenamenduekin.
Aldea, jubenil mailan
Jubenil mailara egingo dute salto hirurek eta aldea badagoela nabarmendu dute: «Karrerak luzeagoak dira. Orain, orokorrean, 50-60 km ingurukoak egin ditugu eta jubeniletan 80 km-koak dira, bataz beste. Abiadura ere asko aldatzen da eta aldapa gogorrak igo behar dira. Entrenamenduak ere 5-6 egunetan dira eta zorrotzagoak. Horrez gain, abuztuan ez dago deskantsurik, lasterketak irailean bukatzen baitira».
Helburu edo asmoen inguruan galdetuta, denboraldia ondo eraman nahi duela azaldu du Garmendiak. Herrerok, hobetzen joan nahi du eta Clementek dio karrerak pelotoi aurrekaldean bukatzen saiatuko dela. Aurrerago begiratuta, berriz, afizionatu mailara iristea gustatuko litzaiekeela azaldu dute.
«Froomi egin diotena ez da normala»
Bizikletan ibili bakarrik ez, txirrindularitza bera ere jarraitzen dute, Tourra, Giroa eta beste karrerak ikusiz eta gustoko txirrindulariak ere badituzte. Batzuk aipatzekotan, Garmendiak Tony Martin nabarmendu du, Clementek Chris Froome, eta Herrerok Greg Van Avermaet. Dopina dela eta ez dela, Froomekin gertatutakoaz ere hitz egin diote Kronikari: «Ezer ez dagoen lekutik saltsa sortzen saiatu dira, momentuko kontuak ez direnak sartzen... Armstrong orain dela urte pila bateko gauzak kontatzen... ez du zentzurik» dio Clementek. «Egia esan, Froomekin gertatutakoa tristea izan da; jendeak izan duen jarrera», gaineratu du Garmendiak. «Jendea txistua botatzen-eta, hori ez da normala», Herrerok.
Beste kiroletan ikusten ez den giroa
Txirrindularitza kirol gogorra izan arren, giroa sekulakoa dela azpimarratu dute: «Talde desberdinetako txirrindularien artean dagoen giroa ez da beste edozein kiroletan ikusten». Hori horrela, herriko ume eta gaztetxoak probatzera animatu nahi dituzte.