«Zupipeko lanak aurrera dijoaz eta laster ikusiko ditugu emaitzak»

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 13a, 02:00

Otsaileko uholdeen ondorioz, Zubipeko instalakuntzek kalteak jasan zituzten. Beste hainbat lanen artean, berdeguneko belarra aldatu behar izan dute. CD Hernanik Kronikara bidalitako oharrean azaldu duenez, Zubipeko lanak aurrea dijoaz: «datozen egunetan, belarra aldatzeko egindako gestioen emaitzak ikusi ahal izango ditugu, Zubipen bertan».

«Futbolean aritzeko gutxieneko baldintzak ez ziren betetzen»
Uholdeek eragindako kalteen ondorioz, lokatz asko pilatu zen zelaian... eta garbitze lanekin hasi zirenean konturatu ziren berdeguneak zuen egoeraz: «pilatu zen lokatza kendu zenean ikusi zen, belarrak eta baita belar azpiko zementuzko oinarriak ez zituztela futbolean aritzeko oinarrizko baldintzak bete­tzen. Hori horrela, bai klubak eta bai Udalak laguntza eskatu zien aseguruen patzuergoari, uholdeak zelaian egindako kalteak konpontzeko laguntza ekonomikoa eskatu zitzaion».

Auzolanerako deia, San Joanen aurretik
Zelaiaren konponketak sortutako gastuak eta epeak murrizte aldera, klubeko direktibak laguntza eskaini zuen, eta hala, auzolanerako deia egin zuen San Joan jaien aurretik: «jokalari, guraso, entrenatzaile eta beste kolaboratzaileen laguntzari esker, zelai osoko belarra kendu genuen. Behin zelaia garbituta, Udal obretako departamentua lurreko eremu hondatuak eta ureztatze-ahoak konpontzen hasi zen».

«Alkateak lehentasuna eman zion proiektuari»
Bulegoko lanek ere aurrera jarraitu zuten eta patzuergoarekin negoziazio luzeak burutu zirela azaldu du CD Hernanik prentsa oharrean: «hala, Udalak obra egin ahal izateko aurrekontu baten akordioa lortu zuen. Gainera, Alkateak lehentasuna eman zion proiektuari, eta zelaiaren konponketarako lanean ari den udal taldeak, lan administratibo haundia egin zuen».
Prozesu osoan bilera ugari egin dituztela azaldu du CD Hernanik: «kirol zinegotzi eta bere talde teknikoarekin bildu gara, eta hala, Zubipen ikusi ahal izango ditugun konponketa lanen prestakuntzaren eboluzioa jarraitu dugu».

«Uholde arriskua txikituko denaren esperantza dugu»
Etorkizunak zer ekarriko duen jakin ez arren, Ura agentzia egiten ari den lanak uholde arriskua gutxituko duenaren esperantza dutela dio CD Hernanik: «hala ere, oraindik pendiente legoke Udalak ibai ertzeko horma 15cm altxatzeko egindako eskaera; itxuraz garrantzia haundirik gabea, baina uholdeen ondorioak gu­txiagotzen lagundu dezakeena».

Esker hitzak, lanean ari diren guztiei
Oharraren bukaeran, CD Hernanik eskerrak eman nahi dizkie lanean ari diren guztiei: «esker ona adierazi nahi diegu Hernaniko neska-mutilei eta zelaia egoki egoteko lanean ari diren guztiei».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!