Fatxada konponduta, egoitza berritzeko lanak bukatuko dituzte

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 13a, 02:00

Atzietatik behera abiatzean, atentzioa ematen duen etxea da Goiz Eguzkikoa. Etxe arrosa gisa ezagutzen dute askok, eta Goiz Eguzkiko jubilatuek ere, bi hitz horiek erabiltzen di­tuz­te erreferentzia gisa. Azken as­teetan ordea, andamio eta sare batek estaltzen du erai­ki­na. Obraren berri izateko as­moz, Paco Goyarekin bildu da Kro­nika, eta urtean zehar egin dituzten berrikunta guz­tiak azaldu dizkio presi­den­teak.

Fatxada berritzeko lanak
Goiz Eguzkiko fatxada be­rri­tze­ko lanak martxan dira. Pa­co Goyak azaldutakoaren ara­bera, itxura berritze bat behar zuen eraikinak: «birmolda­ke­ta bat behar zuen, azkenekoz orain 10 urte inguru margotu baitzen. Arrosa kolorea dei­garria da, baina eguzkiarekin indarra galtzen duen horie­takoa. Berritze lanak hasi zi­renean, antzeko kolore baten bila ibili ginen, eta orain ko­lore ilunxeago batean mar­gotuko dugu. Arrosa, baina mo­re tonoduna; hau da, aurre­koa baino ilunagoa izan­go da, eguzkiak hain azkar kolorea jan ez dezan».

Berritze lanak, urte osoan zehar
Fatxadaren berritze lana erraz ikusten bada ere, ez da urteko bakarra izan. Presidenteak Kronikari azaldu dionez, urte osoan zehar egon dira obre­tan: «sarreran esaterako, kris­talezko ate bat jarri dugu, sentsorialki irekitzen dena, automatikoa. Hemen ibiltzen ga­renak hel­duak gara, eta as­kotan nahi baino arazo gehia­go izaten ditugu. Ate honi es­ker asko erraztu da egoitzako sarrera-irteera, eta jendeak eskertu egin du. Segurtasu­nean eta erosotasunean asko irabazi dugu. Erabaki ona izan da, gainera argitasuna eman dio lokalari, eta beste aldean norbait dagoen edo ez ikus­teko aukera ere bai».
Eraikina barrutik margotu dutela ere, azaldu dio Paco Go­yak Kronikari: «eraikin osoa margotu dugu, goitik b­e­hera. Es­tetikoki asko hobetu du eta argitasunean ere bai. Egiten den edozein obrak beti ematen dio plus bat egoitzari, irabazi egiten du».

Udalaren laguntza, etengabea
Paco Goyak dio, hau guztia po­sible dela Udalak Goiz Eguzkiri ematen dion laguntzari esker: «obrak Ongintza Patronatuak ordaindu ditu. Udalaren la­guntza etengabea da, eta hori, dudarik gabe, esker­tzekoa da».

2.000 bazkide inguru
Goiz Eguzkik, jubilatu etxe gi­sa, Fundazio lanetan, 42 urte daramazki; nahiz eta erai­kinak berak 100 urte baino ge­hiago dituen. Egunero ehun­daka lagun pasatzen dira be­r­tatik: «2.000 bazkide in­guru ditugu, gaur egun. Fun­da­zioaren helburua da, jubi­latuek elkartzeko leku bat izatea. Entretenimendua dugu helburu, ondo pasatzea. Eta batez ere, herriko jendearen arteko harremana sustatzea».
Egoitzak hiru solairu ditu: taberna, jangela eta joku gela dituzte aurrenekoan; ofizinak, pelukeria, fisioa, podologia eta areto nagusia lehenengo so­lai­ruan; eta ordenagailu sala eta eskulan eta mante­nimen­dua hirugarren solairuan».

Ekintzak eta irteerak urte osoan zehar
Fundazioko bazkide diren her­ri­tarrek hainbat ekintza eta ak­tibitatetan parte har­tzeko au­kera dute urte osoan: jokoak, pe­lukeria, kurtsoak, tailerrak... Egun bereziak ere izaten dituzte: Fundazioaren eguna, Santo Tomas, Mai­atzaren 1a, ekai­na­ren 26a... Eta nola ez, urte osoan egiten dituzten irteerak... «batzuk egun pasak izaten dira; eta beste batzuk, egun as­kokoak. Tiradizo haundia dute, eta tarteka, Fundazioaren la­guntza ere izaten dute».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!