Aizmendiko zabortegian lanak egingo dituzte, inpermeabilizatzeko

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 8a, 02:00

San Markos Mankomunita­teak jakinarazi duenez, hainbat hobekuntza-obra egingo ditu hondakin geldoetarako eta ez-arriskutsuetarako Aiz­men­diko zabortegian (Basoza­ba­len dago, Hernani eta Astigarra­gatik gertu). Obra nagusiena, gune bat eraikitzea izango dela nabarmendu dute: «Biltegi horrek ahalbidetuko du hondakin ez-arriskutsuak modu inde­pendentean kudeatzea, eta efluenteak (hondakin likidoak) biltzeko eta drainatzeko bere sistema izango du. Instalazio berriek ez dute azalera osagarririk hartuko eta 8.000 m2 inpermeabilizatuko dira. Aipa­tu­ta­ko obrek hobekuntza esanguratsua ekarriko dute ingurumen-ikuspegitik eta obra hori­ek Ingurumen Baimen Integra­tuan (IBI) ezarritako eskakizunak beteko dituzte».

27.000 tona hondakin, urtero
Mankomunitatearen datuen arabera, «Aizmendiko zabortegian 27.000 tona hondakin tratatzen dira urtero, eta hondakin horietatik 19.000 tona hondakin geldoak dira, beste 9.000 tona, aldiz, hondakin ez-arriskutsuak dira. Materia­len %50 industrialdeetan egindako bilketatik doa eta gainerakoa beste industria  batzuetan egindakotik. Gaur egun, material plastikoak eskuz bereizten dira material horiek berreskuratzeko, eta abian dago eraikuntza lanetako hondakinetatik eratorritako materialak berreskuratzeko proiektua».

Denis Itxaso: «Konpondu gabe zeuden gai batzuk konpontzeko gai izan gara»
San Markos Mankomunita­tea­­ren jarduneko lehendakari Denis Itxasok adierazi duenez, «obra horrekin bukatzen da  Mankomunitateak hiru urtez politikoki zuzendu duen eta konpondu gabe zeuden gai ba­tzuk konpontzeko gai izan den lantaldearen kudeaketa; ho­rre­tarako, San Markoseko hiri-hondakinen zabortegia zigilatu da eta Aizmendiko zabortegian hondakin geldoen garbigunea eta hondakin ez-arriskutsuena bereizteko, Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen ingurumen-eskakizunei erantzun zaie».

500.000 euro eta lau hilabetetako lana
Zabortegiko obren eraginez, leku horretako topografia aldatuko da inpermeabilizazio sistema jartzeko. Materialen 5.000 m3-ko mugimendua egingo da eta obrek lau hilabete iraungo dute. Kontra­tazio-mahaiak proposatu du lanak Construcciones Moyua enpresari adjudikatzea, zenbateko honengatik: 417.310,15 euro gehi BEZa. Geyser HPC enpresak egingo du lan horien kontrol teknikoa eta ingurumen-arlokoa, eta osasunaren eta segurtasunaren koordinazioa BPG enpresak egingo du. Lan guztiak zabortegiaren ustiapena kontrolatzen duten zerbitzu teknikoek koordinatuko dituzte.
Gaiak zeresana ere sortu du, aurreko Diputazioak Zestoa­ko Osinbeltz harrobirako proposatutako proiektua kontuan hartuz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!