Pasa den uztailaren 31n, CD Hernaniko 40 pelotari federatuek bukatutzat eman zuten 2014-2015 denboraldia. Urtean zehar, eskuz lehiatu dira banaka eta bikoteka, frontoian eta trinketean, eta hainbat kategoriatan: alebin, infantil, kadete, jubenil, sub 22 eta senior. Txapelketa ofizial ia guztietan hartu dute parte (Gipuzkoako Txapelketa, Euskal Herrikoa eta GRAVNI), eta baita txapelketa pribatu ugaritan ere. Eta guztira, 29 final eta 7 txapela lortu dituzte.
Denera 1.091 partidu jokatu dituzte, eta azpimarratzekoa da Eneko Aizpitarte seniorrak 53 partidu jokatu dituela, eta baita Oinatz, Insausti, Anartz Oiartzabal, Xabier Apaolaza eta Unax Uitzi alebinek ere. Lauen artean 190 partidu jokatu dituzte.
Paul Ojuel eta Eneko Aizpitartek Euskal Herriko selekzioarekin debutatu dute, Mexikoren aurka jokatuz.
Txapelak, txapelketa pribatuetan
Txapelketa ofizialetan ez da lortu txapelik, baina 6 final jokatu dira. Eta bertan azpimarratzekoa da Ekaitz Cisneros jubenila GRAVNIko azpitxapeldun geratu izana, trinketean, eta Ojuel-Lizeaga seniorrak ere azpitxapeldun geratzea Euskal Herriko Txapelketan. Pagola-Urruzola jubenilek ere bi final galdu zituzten, Gipuzkoako Txapelketan: frontoian eta trinketean.
Txapelketa pribatuetan, 7 txapela lortu dira. Nabarmentzekoak dira Ioritz Arrieta seniorrak lortutako biak, Burlatako Torneoan eta Antiguakoan; eta Markel Lizeagak lortutako beste biak, Donostiako Aste Nagusiko Torneoan eta Patxi Montes Torneoan.