Atzo aurkeztu zuten 33garren Buruz Buruko Erremonte Txapelketa Kutxabank 2015, Galarretan. Aurkezpenean txapelketaren nondik norakoak azaldu zituzten eta bertan izan ziren Xabi Gonzalez, Oriamendi 2010eko ordezkaria, Xeber Irastorza Kutxabankekoa, eta txapelketan parte hartuko duten erremontistak, Ion izan ezik. Gonzalezek azpimarratu zuen oso txapelketa irekia eta interesgarria izango dela aurtengoa. Horrez gain, berritasunak ere badirela gaineratu zuen.
Berritasunak formatuan
Txapelketa honetan, formatua berritu dute. Hain zuzen, hiru fase izango ditu txapelketak. Aurretik, prebia bat jokatu dute eta bertan, Matxin IIIa izan da irabazlea. Orain, pelotari azpeitiarra Kutxabank Txapelketako gainerako sei pelotariei gehituko zaie. Gainerakoak: Ion, Endika, Etxeberria IV,Barrenetxea IV, Uterga eta Urriza.
Txapelketako gainerako bi faseak jokatuko dituzte orain. Lehenengo, hiru kanporaketa jokatuko dira, partidu bakarrera, eta ondoren, lau erremontista onenak elkarren aurka ariko dira ligaxka batean. Bertatik aterako dira bi finalistak.
Kanporaketatik bi erremontista bakarrik pasako dira ligaxkara, Uterga eta Urriza sailkatuta baitaude dagoeneko. Lehenengo, Ion eta Matxin IIIak jokatuko dute eta irabazten duenak, Endikaren kontra jokatu beharko du, abuztuaren 11n. Azken partidu horretan nagusitzen dena pasako da ligaxkara. Ligaxkara pasako den bigarren erremontista, Etxeberria IVa edo Barrenetxea IVa izango da. Elkarren aurka ariko dira, abuztuaren 15ean.
Ligaxkan, puntukako sistema
Abuztuaren 18an hasiko da ligaxka. Denek denen aurka jokatuko dute eta lehenengo biak final haundirako sailkatuko dira. Irailaren 12an jokatuko da finala.
Ligaxkan, lehenengo aldiz, puntukako sistema erabiliko da. Partiduko irabazleak lau puntu lortuko ditu. Galtzen duenak, baina 27-29 tanto artean egiten dituenak, bi puntu lortuko ditu, 24-26 tanto lortzen dituenak puntu bat, eta 24 tantotara iristen ez denak ez du punturik lortuko. Puntu gehien lortzen dituztenak pasako dira finalera.
Larunbatean, hasiera
Txapelketa larunbatean hasiko da Ion eta Matxin IIIaren arteko partiduarekin.
Partiduak astearte eta larunbatetan jokatuko dira. Partiduren bat atzeratuko balitz, hurrengo ostegunean jokatuko litzateke. Eta pelotariak bajan jarraituko balu, galdutzat emango litzateke partidua. Partidu guztiak 30 tantotara jokatuko dira.
Puntutan berdinketa egongo balitz, bi pelotarien arteko lehia irabazi duena sailkatuko litzateke. Eta berdinketa hirukoitza gertatuz gero, tanteo orokorra hartuko litzateke kontuan. 2014an San Miguelek irabazi zuen txapela Urrizari finala irabazi ostean. Beraz, aurten ez da irabazlea errepikatuko.
EGUTEGIA
Abuztuak 8, larunbata
Ion/Matxin III
Abuztuak 11, asteartea
Endika/Larunbateko irabazlea (Irabazlea ligaxkara pasako da)
Abuztuak 15, larunbata
Etxeberria IV/Barrenetxea IV (Irabazlea ligaxkara pasako da)
Abuztuak 18tik aurrera
Ligaxka: Uterga eta Urriza zain.
Irailak 12, larunbata
Finala