Usandizagaren operan, ahots hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2015ko abu. 4a, 02:00

Hilaren 1ean hasi zen Do­nos­tia­ko Musika Hamabos­tal­dia­ren 76garren edizioa, eta abuz­tua­­ren 30era arte, hain­bat kon­­tzertu, emanaldi, ikus­ki­zun, irteera eta jarduera anto­latu dira. Tartean, 13 her­na­niar ariko dira kantari.
Aurtengo edizioan Jose Ma­ria Usandizaga konpositore do­nostiarra izan da gogoan, hil zela 100 urte pasa baitira. Hori horrela, Usandizagaren sorkuntza lanaren ikuspegi zabala eskaini nahi izan du aurten Hamabostaldiak, eta bere hainbat lan inter­pre­ta­tu­ko dira: ganbera musikarako ida­tzitako hainbat lan, or­ga­no­rako sortutako beste batzuk, eta Mendi-Mendiyan opera. Hain zuzen, opera horretan kantatuko dute hernaniarrek, Easo abesbatzarekin batera.  

13 hernaniar, Easo abesbatzarekin bat eginda
Juan Carlos Solano izan da ahots hernaniarrak fitxatu dituen abeslaria. Solano bera hernaniarra da, eta Donos­tiako Easo abesbatzan kanta­tzen du. Nonbait, entzuna zuen Hernanin bazela nesken koro bat, ondo funtzionatzen zuena. Usandizagaren Mendi-Mendiyan operan Easo abes­batzako kantari guztiek kan­tatuko dute; bai mutilek, eta baita neskek ere. Baina, bereziki nesketan, multzo haundiagoa osatzeko beharra zutela ikusita, Hernanira jo zuen Solanok.
Horrela, Hernaniko 13 abes­la­rik hartuko dute parte Do­nos­tiako Musika Hamabos­tal­di­an: ‘Hernani’ Musika Es­ko­la­ko abesbatzako Vinaixa Gar­ci­ak, Idoia Ansorenak, Amaia Azkuek, Leire Leonetek, Alazne Aldayturriagak, Maider Otegik, Olaia Arrietak, Saioa Pachek, Aloña Berazak, Nagore Torres eta Estebe Atorrasagasti ahots zuriak; eta Kantuz abes­batzako Rosana Caballerok eta Nekane Rekondok.

Operaren kontzerturako bertsioa, hilaren 22an
Usandizagaren Mendi-Men­diyan operak artzain talde baten bizimolde eta ohiturak go­goratzen ditu; bertako giro­a­re­kin eta herriaren melodi­e­kin jantzita, Usandizagak tra­gedian bukatuko den istorioa kontatzen du, bere obrarik ezagunenetakoa den honetan.
Donostiako Hamabos­tal­dia­ren barruan, abuztuaren 22an izango da kontzertua, 20:00etan, Kursaal Audito­rioan. Kasu honetan, operaren kontzerturako bertsioa inter­pretatuko da; hau da, ez da opera antzeztu bat izango.
Hernaniarrek Easo abes­batzarekin batera kantatuko dute; musika, berriz, Eus­kadiko Orkestra Sinfonikoak jarriko du, eta hainbat ba­karlari ere arituko dira kan­tuan. Guztia, Antoni Ros Marbak zuzenduko du.

Udara osoa lanean daramakite, bakarka eta Easo abesbatzarekin entsaiatzen, eta beste kontzertu bat prestatzen.

Sarrerak salgai, dagoeneko
Kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko; eserle­kua­ren arabera, prezio desberdina dute. Erosteko, Musika Hama­bos­taldiaren webgunean sar­tu, edo Kursaalen galdetu.

Udara osoan, gogor lanean
Abeslari hernaniarrek udara osoa daramakite ahotsak pres­tatzen eta operako kan­tuak ikasten. Hernanin aritu dira lehenengo, Garbiñe Orbe­gozo, ‘Hernani’ Musika Esko­lako irakaslearekin. Horrez gain, Donostiara ere joan dira, Easo abesbatzarekin eta Or­kes­­tra Sinfonikoarekin entsaiatzera.
«Azkenerako, lan eta lan ari dira. Gainera, Easo abes­batzaren erritmoa ez da gurea bezalakoa», azaldu du Orbe­gozok. «Oso zorrotzak dira, detaile guztiak zaintzen di­tuzte, eta konpromiso haundia eskatzen du. Kontzertuan abes­­lariek zein erropa jantziko duten ere aurretik erakutsi behar dute, zuzendariaren onespena jasotzeko!».
Egiten ari diren lana, gainera, ez da Donostiako Musika Hamabostaldira mu­ga­tzen. «Usandizagaren herio-tzaren urteurrena dela eta, Errenterian kontzertu berezia prestatu zen uztailaren 31n, bertako Musika Bandarekin. Han ere izan gara, Mendi-Mendiyan operaren zati bat, San Inazio Martxa eta Txanton Piperri kantatzen».
Baina Hamabostaldikoa, berezia izango da, seguru. «Hain­beste lan hartuta, abes­lariak larritu egin dira pixka bat, baina Kursaaleko oholtza gainera ateratzean, guztiak merezi izango du!». 

MUSIKA HAMABOSTALDIA:
Organo Zikloa: abuzuak 1-7
Antzinako Musika Zikloa: abuztuak 3-7
Haurren Eguna: abuztuak 11
Interprete Gazteen Zikloa: abuztuak 17-21
Musika Garaikideko Zikloa: abuztuak 24-29
Hil osoan zehar: kontzertu eta emanaldiak Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzkokian. Horrez gain, Musika Aitzaki programaren barruan, hainbat irteera eta emanaldi berezi izango dira. Bestalde, tailerrak, ikastaroak, eta bestelako ekintzak ere izango dira.
*Sarrerak erosteko: www.quincenamusical.eus webgunean
*Musika Hamabostaldiko 
Programa osoa ikusteko, egin klik hemen

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!