Larunbatean jokatuko duzu Buruz Buruko txapelketa ofizialeko aurreneko partidua. Aurten berrikuntzak izan dira formatuan, eta aurreneko partidu honetan ligaxkarako pasea izango duzu jokoan. Nola ikusten zara Etxeberria IVren aurka?
Etxeberria IV dagoeneko oso finkatuta dagoen pelotaria da: urte asko daramazki maila haundia ematen, eta txapelketa honetan askotan hartu du parte; hau da, esperientzia haundiko jokalaria da. Dena den, nire alde daukat lesio batetik atera berri dela, eta horri ahalik eta probetxu handiena ateratzen saiatuko naiz. Beraz, uste dut partidu oso orekatua ikusiko dugula; nik garaile izatea espero dut.
Non egon daiteke partiduko gakoa?
Aipatutako desabantailari (lesio batetik errekuperatu berri da Etxeberria IV), ahalik eta etekin haundiena ateratzen saiatuko naiz. Hala ere, partiduko gakoetako bat nire sakean egon daitekeela uste dut.
Ligaxka ia hilabetez jokatuko da. Uterga eta Urriza momentuz bertan daude. Beraiek al dira aurtengo faboritoak?
Argi dago bi pelotari hauek aurten ere faborito direla, aurreko urteetan erakutsi duten mailarengatik. Hala ere, aurtengo txapelketari aliziente ugari ikusten dizkiot, batez ere partehartzaile gazteek azken urte honetan gorakada haundia eman dugulako. Gainera, enpresak txapelketaren formatua aldatu izanak guri, gazteoi, mesede egingo digula uste dut.
Nola iritsi da Endika Barrenetxea txapelketa honetara?
Ba egia esan ez nago oso ziur. Jakin badakit lan haundia e-gin dudala aurten dudan aukera aprobetxatzeko. Dena den, beti izan dut txapelketa honekiko sentsazio gazi-gozoa. Alde batetik, txapelketa honek duen izenagatik, pelotariok beste edozein txapelketarako baina gehiago prestatzen dugu geure burua. Baina aldi berean, buruz-burukoa da gutxien jokatzen dugun modalitatea, eta urteko esfortzua adierazteko aukera bakarra da. Horrek presio haundia eragiten digu.
Aurrera iristeko aukerarekin ikusten al duzu zeure burua?
Esan bezala, ahal izan dudan guztia egin dut momentu honetan ahalik eta maila altuena emateko. Nire burua prest ikusten dut erronka honi aurre egiteko.
Urteko garrantzitsuena al da zuentzat?
Bai, noski, buruz-burukoa baita txapelketa guztietan ezagunena.
Banaka edo binaka, zein modalitatetan moldatzen zara ondoen?
Inongo zalantzarik gabe binakako modalitatean ibiltzen naiz erosoen. Urteko partidu gehienak, askogatik, binakakoak izaten dira. Entrenamendu gehienak ere hauek prestatzeko egiten ditugu; eta horrek, niri behintzat, kantxan komodoago sentiarazten dit. Nire gaitasunak gehiago aprobetxatzeko aukera ematen dit binakakoak.
Urteko balorazioa egin behar bazenu…
Egia esan urte borobila daramakit: inoiz eduki dudan egoera fisiko eta joko onenaz gozatzen ari naiz: batez ere, ikaragarri disfrutatzen ari naiz. Hala ere, espero dut datorren urtea aurtengoa baino are hobeagoa izatea.
Urte gogorrak bizitu ditu erremonteak, eta Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzei esker, argia ikusten hasi dela esan daiteke.
Gainontzeko enpresen moduan, krisiak ere eragin haundia izan du guregan; horrelako momentu batean, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza oso mesedegarri zaigu, erremontea egon den panorama ilun horretatik ateratzeko. Nire iritziz, egoerari buelta emateko erabakigarria izango da.
Erremontistei, zuei esker, egin du aurrera urte hauetan erremonteak.
Ez dut uste erremontearen biziraupena posible egin duten eragile bakarra gu izan garenik. Argi dago inoiz baina gehiago jarri behar izan dugula gure aldetik, baina ingurukoen laguntzarik gabe gure esfortzu guztiak alperrikakoak izango ziren. Horrenbestez, eskerrak eman nahi dizkiet lagundu gaituzten pertsona guztiei.
Galarreta da gaur egun erremontearen tenplu. Nola animatuko zenituzke hernaniarrak txapelketa honetara?
Udaran zehar giro berezia sortu du txapelketa honek, eta horrela jarraituko duela ematen du. Gainera, enpresak 30 urte baina gutxiago dituzten gazteentzako erraztasunak jarriko ditu, sarrerak lortzeari dagokionean. Aukera polita dela usten dut bertan inoiz izan ez diren hernaniarrentzat; Hernanin jokatzen den kirol honekin gozatzeko aukera!