KALEAN da Astigarragako aldizkaria. Urtean behin argitaratzen da, eta Astigarraga 2015 da edizio berriaren izenburua; nahi duenak herriko kultur etxean du eskuragarri.
Urtero bezala, hainbat gai landu dituzte bertan, eta guztien artean bat azpimarratu nahi izan dute: «Astigarragara bizitzera etorri diren herritarren bilakaera bildu nahi izan dugu».
«Guztiok osatzen dugu Astigarraga»
Egileek diote, edizio honetan bildu nahi izan dutela Astigarragara bizitzera etorri direnek izan duten egokitzapena; horretarako hainbat faktore edo ikuspuntu izan dituzte kontuan: «nola egokitu diren galdetu zaie. Kontuan izan da baita ere, harrera egiteko zein prozesu duen herriak. Izan ere, guztiok osatzen dugu Astigarraga. Orain gutxi herrira etorri direnak dira, aldizkarian beraien esperientzia kontatzen dutenak; eta bide batez, gure herriari buruz duten ikuspegia azaltzen dute aldizkarian».
Herrian erreferente izan diren pertsonak ere, protagonista
Gainerako hainbat artikuluetan ere, herritarrek jarraitzen dute protagonista izaten: «herrian erreferente diren edo izan diren pertsonei ere, egiten zaie lekua edizio honetan. Hala nola, Doña Kontxa, Jose Antonio Olano, Miren Santa Kruz eta Antonio Arzallusi».
Kultura, historia eta gehiago...
Aldizkariko gainerako artikuluetan, kulturak, historiak eta beste hainbat gaiek dute lekua: «nabarmentzekoak dira gure kulturari buruzko gaiak. Bizikidetzan eta berdintasunean oinarritutako gizartea eta hezkuntza proiektua dituzte oinarri artikulu horiek. Bide beretik, aldizkarian lekua dute euskal kulturaren inguruko iritzi artikuluak eta Eliza sutan izeneko kontakizunak».
Historia eta natur ingurua oinarri dituen lau artikulu ere, baditu aldizkariak: Goiatz Erribera eta txanela istripua; Florentino Goikoetxea eta Cométe Sarea; Gure basoen historia laburbilduz; edo Baserritarren txosten sozioekonomikoa.
«Guztion interesekoa»
Aldizkarian landu diren gaiak kontuan izanda, herritar guztien interesekoa izan daitekeela diote egileek: «gazteria, sagardoa, matazak, San Isidro jaia... lantzen dira».
Eskuragarri, kultur etxean
Aldizkaria eskuratu nahi duenak kultur etxera jo behar du, orain, bertan bakarrik baitago, «eta aldizkaria eskuratutakoan, nahi adinako diru-ekarpena egin dezake». Bide batez, egileek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu eta posible egin duten guztiei.