Bi auto istripu izan ziren atzo Hernanin, eta ondorioz, bi hernaniarrek galdu zuten bizia. Bi istripuak errepide berean izan ziren GI2132, altura eta ordu ezberdinetan. Bi istripuen ondorioz, errepidea itxita egon zen, puntu ezberdinetan, goizean eta arratsaldean.
Goizeko istripua argitze aldera, Ertzaintzak ikerketa jarri du martxan.
Meabe parean, errepidetik irten zen autoa
Goizeko 10:00ak inguruan, Opel Vectra bat errepidetik atera zen GI-2132 errepidean, Axalatik Galarretara dijoan bidean. Autoak Meabe parean, autobus geltoki inguruan galdu zuen kontrola, eta zuhaitz baten kontra jo zuen. Gidaria, 85 urteko gizaseme hernaniarra, larri zauritu zen, eta anbulantzia, suhiltzaile eta Ertzaintza gerturatu ziren istripu-lekura. Ertzaintzak Kronikari jakinarazi zionez, ezin izan zuten gidariaren bizia salbatu eta bertan hil zen. Bestalde, Ertzaintzak ikerketa jarri du martxan, gertatutakoa argitze aldera.
Kamioi bat auto baten gainera irauli zen, arratsaldean
Errepide berean, baina Mandazubiko errotonda baino lehen, istripua izan zen arratsaldeko 16:00etan. Errepideak kurba egiten duen zatian, kamioi hormigonera bat Renault Scenic markako kotxe baten gainera irauli zen. Ertzaintzak Kronikari jakinarazi zionez, kotxeko gidaria, 71 urteko gizaseme hernaniarra, momentuan hil zen; eta kopilotoa, 70 urteko emakume hernaniarra, ospitalera eraman zuten larri zaurituta. Kamioi gidaria ere, 55 urteko gizona, ospitalera eraman zuten. Ertzaintza istripuaren nondik norakoa aztertzen ari da.