Festetako azken eguna izango da gaurkoa Aranon eta Astigarragan, baina gauera arte ez da etenik izango.
Sagardo Egunaren urteurrena, Astigarragan
Sagardoari lotutako herria da Astigarraga; hain zuzen, gaur bezalako egun batez, Santa Ana egunean egin zen Euskal Herriko aurreneko Sagardo Eguna, duela 40 urte. Hori ospatzeko ekitaldi bereziak egingo dira goiz eta eguerdian zehar: burdinaren forja erakustaldia, sagardo dastaketa, idi dema, bertso saioa... Era berean, eguerdiko 12:00etan ekitaldi berezia egingo dute udaletxean.
Elkartasun Eguneko bazkaria ere gaur egingo da, eta arratsaldean, herri kirolak, bingoa, Kukai dantza taldearen emanaldia, erromeria eta beste hainbat ikuskizun izango dira. Egitarau osoa: www.kronika.eus.
Arkume jate herrikoia, Aranon
Santa Ana egunaz gain, San Juakin eguna ere ospatuko dute gaur Aranon. Hasteko, goizeko 11:30etan hamaiketakoa izango dute jubilatuek. Bestalde, arkumeak izango dira eguneko protagonista; goizean goiz jarriko dira erretzen, eta eguerdiko 14:00etan arkume jate herrikoia egingo da.
Eguna bukatzeko, bazkal ondorenetik hasita, fanfarrea ariko da giroa jartzen. Hortik aurrera, gorputzak aginduko du, festak noiz bukatu!