Saririk polit eta hunkigarrienetakoa jaso zuen Ignacio Ocio entrenatzaileak lehengo larunbatean: belaunaldi ezberdinetako jokalarien errekonozimendua eta esker ona, urtetan, Hernaniko Eskubaloi Taldeko neska-mutilen entrenatzaile izateagatik.
Partidu eta bazkaria
Eguna partidu batekin hasi zuten; nola bestela! Jokalari beteranoenak gaztetxoenekin elkartuta aritu ziren.
Segidan, bideo batean laburbildu zuten Ociok Hernaniko Eskubaloi Taldean egindako ibilbidea: Europan lortutako marka, gorengo mailetara igoerak... Horrez gain, hainbat sorpresa eman zizkioten Ociorekin batean pistan topo egindako lagun eta arerioek: CD Bidasoako presidenteak, Espainiako Federazioko selekzionatzaile eta presidente ohiak, Cristina Mayo jokalari eta selekzionatzaile ohiak, Reyes Karrere Hernaniko jokalari ohi eta Bera Berako entrenatzaileak, Juan Luis Gato jokalari ohiak... Miguel Lujanbiori ere makila oparitu zioten, Ociorekin batean egindako lan guztia eskertzeko.
Agurra ere dantzatu zieten Ttarlako dantzariek, Naroa Jaka abeslariaren eta Igarriz ahizpen txistu doinuarekin, eta bazkari eder baten bueltan bukatu zuten eguna.